Datorren Korrikarako kilometroa erosi nahi duten talde zein eragileek ostiralera bitartean izango dute kilometroa eskuratzeko aukera. Erakundeek, enpresek nahiz herritarrek 425 euroren truke eskuratu ahal izango dute kilometroa, eta kilometro erdiak, berriz, 225 euroko kostua izango du.
Kilometroa erosi nahi dutenek Korrikako Urolako arduradunarekin jarri beharko dute harremanetan ane-arrizabalaga@aek.eus helbide elektronikora mezua idatzita. NA zenbakia, izen-abizenak, helbidea, herrialdea, herria, posta kodea, telefonoa eta e-posta jakinarazi beharko dituzte mezu horretan. Mezua bidali ostean, arduradunak modu pertsonalean adieraziko dio norbanako bakoitzari nola egin behar duen kilometroaren ordainketa.
Martxoaren 14tik 24ra egingo dute 23. Korrika, Harro herri lelopean. Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, eta Baionan amaitu. Eskualdera martxoaren 20an, asteazkena, iritsiko da euskararen aldeko martxa, eta goizeko 05:26an hartuko dute lekukoa azkoitiarrek.