Zazpi Kurutze mendi martxa antolatzeko lantaldea sortu dute

Ane Olaizola 2024ko ots. 23a, 14:38

Igor Isuskiza Kirol zinegotzia eta Zazpi Kurutzeren lantaldea. (Azkoitiko Udala)

Hainbat herritar prest azaldu da bi urtean behin egiten duten mendi martxa antolatzeko, eta beraz, ekainaren 9an izango da kirol probaren 25. aldia. Udalak eskerrak eman dizkio lantaldeari.

Zazpi Kurutze mendi martxa antolatzeko lantalde bat osatu dute, eta horrenbestez, azkenean egingo dute Azkoitiko proba entzutetsua: ekainaren 9an, igandez, izango da Zazpi Kurutzeren 25. aldia.

Anaitasuna Mendi Bazkunaren zuzendaritza taldeak joan den abenduan jakinarazi zuen ez zuela Zazpi Kurutze antolatuko, Oleta, Samiño, Irimo eta Trekutz mendiak barnebiltzen dituzten Buruzai eta Trekutz zentral eolikoen proiektuak aurrera doazelako —proba mendi horietatik igarotzen da—. Ordea, hainbat herritar prest azaldu da Zazpi Kurutze antolatzeko, eta horretarako ardura hartuta, taldeak Anaitasuna Mendi Bazkunaren izenean prestatuko du kirol proba: “Aurten ere Zazpi Kurutze mendi ibilbidea ospatuko da ekaineko bigarren igandean. Bi urtean behin egiten den ibilbide alaia eta arrakastatsua antolatu du Anaitasuna Mendi Bazkunak. Parte hartzaileek, goizeko lauretan irtenda, ohiko 54 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Aurten, gainera, 25. urteurrena ospatzen da, eta hortaz, aukera paregabea suertatu da gure inguruko mendiez gozatu eta lagunartean ondo pasatzeko”, dio taldeak.

Udaleko Kirol zinegotzi Igor Isuskizak azaldu duenez, erakundeak "saiakera bat" egitea erabaki zuen mendi martxa aurrera ateratzeko "aukerarik egon zitekeen ikusteko", eta "zorionez" taldea osatzea lortu dela nabarmendu du. Zentzu horretan, beraz, antolatzaileei eskerrak eman dizkie zinegotziak: "Anaitasuna Mendi Bazkunak urteetan egindako lan onari esker, mendi martxa arrakastatsua bihurtu da Zazpi Kurutze, eta bertan behera uztea penagarria litzateke". Udalak baliabide ekonomikoak jarriko ditu, baina boluntarioen lana "ezinbestekoa" izango dela azpimarratu du hark.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide