Aurrekontu parte hartzaileen inguruko bigarren bilera egingo dute datorren astelehenean

Iraia Oteiza 2024ko ots. 22a, 12:33

Aurrekontu parte hartzaileen lehen bilerako irudia. (Azkoitiko Udala)

"Herritarrei ahotsa" emateko helburuz, 100.000 euroko partida jarri du Azkoitiko Udalak, herritarrek proposatutako proiektuetara bideratu ahal izateko. Proposamenetarako bigarren bilera izango dute astelehenekoa, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera. 18:00etan elkartuko dira Elkarguneko Intsausti aretoan.

Azkoitiko Udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesua jarri du abian, aurtengo udal aurrekontuetan txertatzeko zenbait egitasmo eta proiektu herritarrek erabaki ditzaten. Udalaren arabera, herritarrei ahotsa emateko helburuz jarri du 100.000 euroko partida, eta beti ere "beharrak eta lehentasunak" kontuan hartuta txertatuko dituzte eskaerak. 

Urtarrilaren 29an egin zuten lehen bilera, eta udalak berrogeitaka proposamen jaso zituen orduko hartan herritarren eskutik. Datorren asteleheneko bileran, proposamenen inguruko hausnarketarekin jarraituko dute. 18:00etan elkartuko dira Elkarguneko Intsausti aretoan eta herritar orok izango du bertaratu eta proposamenak egiteko aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide