Ligako neurketa bana jokatu zuten larunbatean Anaitasunaren talde nagusiek etxean, eta Emakumeen Euskal Ligan aritzen den taldeak punturik eskuratu gabe amaitu zuen norgehiagoka; kontrara, Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den gizonen taldeak garaipena erdietsi zuen Portugaleteren aurka.
Anaitasunako emakumeen taldeak ezin izan zuen Alaves mendean hartu San Juan zelaian jokatu zuen partidan. Lehen zatia golik gabe amaitu bazen ere, bigarren zatia hasi eta berehala sartu zuten gasteiztarrek euren lehen gola, 48. minutuan. Handik segituan iritsi zen Alavesen bigarrena, 50. minutuan, eta partida amaitzear zela ere, hirugarren gola sartzea lortu zuten gasteiztarrek, 90. minutuan. Gorrixek saiatu ziren arren, ezin izan zuten atera baloirik sartu, eta 0 eta 3 amaitu zuten azkenean neurketa.
Kontrara, Anaitasunako gizonen taldea nagusi izan zen Txerloian. Emakumeen partida amaitu aurretik hasi zuen Txema Añibarroren taldeak Portugaleteren aurkako neurketa. Bizkaitarrak nagusi izan ziren lehen zatian, eta gorrixek horien erasoei sendo eutsi bazien ere, Portugaletek baloia sarean sartu zuten 41. minutuan. Bigarren zatia bestelakoa izan zen. 60. minutuan Anaitasunako Oiarbideren gola iritsi zen, atezainaren aurrean bakarrik gelditu izana aprobetxatu zuen hark baloia sarean sartzeko. 81. minutuan, berriz, azkoitiarrek bigarren gola sartzea lortu zuten, baina epaileak baliogabetu egin zuen, jokalarietako bat jokoz kanpo zegoela adierazita. Hala ere, gorrixek lanean jarraitu zuten eta 83. minutuan iritsi zen Anaitasunaren hurrengo gola. Julen Aramendiren paseaz ezin hobeto baliatu zen Crespo baloia sareetan sartzeko. Sei minutuko luzapenean Portugalete gogotik saiatu zen arren, ez zuen lortu beste golik sartzerik. Azkenean, Anaitasunak eskuratu zituen hiru puntuak, Portugalete 2 eta 1 garaituta.