Atzo arratsaldean Iraurgi saskibaloi klubeko bi talde nagusiek jokatu zuten Azpeitiko kiroldegian.
Aurreneko norgehiagoka, 16:00etan hasita, LF2 mailako Domusa Teknik ISB eta Unilever Viladecans Dischele 65 taldeen artekoa izan zen. Etxeko neskak aurrea hartuta hasi ziren jokoan, eta lehen bi laurdenetan gainetik ibilita, 38-31 iritsi ziren atsedenera. Hortik aurrerakoak, ordea, bestelakoak izan ziren ISBko emakumeen taldearentzako, markagailuan aurkariak gerturatzen joan zitzaizkielako; hala, hirugarren laurdena puntu bakar baten aldearekin (57-56) bukatu zuten. Partida bukatzeko lau segundoren faltan 67-68 aurrea hartu zien aurkariek, eta 67-70 galdu zuten.
Zilarrezko LEB mailako Juaristi ISBren eta Melilla Ciudad del Deporte taldearen arteko partida jokatu zen emakumeenaren ondoren, 19:00etan hasita. Kasu honetan, emaitza bestelakoa izan zen: gozoa. Izan ere, Iraurgiko mutilen talde nagusiak 80-77 irabazi zuen. Partida nagusitasunez hasi zuten Juaristi ISBkoek, lehen laurdena hamabi puntuko errenta aterata bukatuz, 27-15. Bigarren laurdenean aldea pixka bat gutxitu egin zen bi taldeen artean, baina atsedenera bederatzi puntuko abantailarekin (47-38) iritsi ziren. Hirugarren laurdena ere aurretik amaitu zuten Iraurgikoek, 65-57. Partidaren bukaerako zatian, baina, hortzak estutu behar izan zituzten etxeko jokalariek, aurkariak aldea murrizten joan zirelako markagailuan. Estu-estu, baina 80-77 irabazi zuen Juaristi ISBk.
50 urteurreneko omenaldiak
Atzoko Iraurgiren bi partidetan ere, saskibaloi klubaren 50. urteurrenari lotutako aitortzak egin zituzten. Domusa Teknik ISBren partidan, klubeko boluntario taldearen lana omendu zuten, eta talde horren ordezkari gisa, Stephanie Thurmanek eta Mikel Labianok jaso zuten aitortza.
Juaristi ISBren partidan, berriz, Iraurgin jokalari izandako bi omendu zituzten: Luis Oyono –klubaren lehen fitxaketa– eta Joseba Ibargutxi –azpeitiarra edota azkoitiarra izan gabe kapitaina izatera iritsi zen lehena–.