Azkoitia 700 batzordeak herriko historia ezagutzeko hitzaldi zikloa antolatu du otsailetik hasi eta azarora bitartean. Hala, ostiralean izan zen lehenengo saioa: Azkoitiko aurrekari urrunen bila: Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua hitzaldia eskaini zuten Elkargunean. Jende andana bertaratu zen hitzordura, Munoaundi herri harresituaren inguruan adituen hitzak entzutera.
Aranzadi zientzia elkarteko ikertzaileek, Sonia San Jose historialariak eta Antxoka Martinez arkeologoak gidatu zuten saioa. Burdin Aroan adituak dira horiek, eta Munoaundiko aztarnategian egindako prospekzio arkeologikoez arduratu izan dira.
Datorren hitzordua otsailaren 29an, ostegunez, izango da. Mertxe Urteaga arkeologoak zuzenduko du saioa. Besteak beste, Arkeolan Fundazioan eta Oiasso museoan egindako lanagatik da ezaguna Urteaga. Jentilak eta kristauak, errausketaren hileta-errituak San Martin de Iraurgin, VII. eta VIII. mendeetan hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Elkargunean.