Kanarietako migrazio krisia gogoratu dute otsaileko Isilune Zirkuluan

Ane Olaizola 2024ko ots. 16a, 09:23

Atzoko elkarretaratzearen irudi bat. (Isilune zirkulua)

Isilune Zirkuluaren elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean hainbat herritarrek, eta Kanaria uharteek gaur egun "migrazio krisirik larriena" bizi dutela azaldu zuten plazan bildutakoek.

Hileko hirugarren osteguna izanik, Isilune Zirkuluaren elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean hainbat herritarrek plazan. Oraingo honetan, Kanaria uharteek gaur egun "migrazio krisirik larriena" bizi dutela gogoratu dute herritarrek. Datu ofizialen arabera, iaz 60.000 migratzaile iritsi ziren Espainiako kostaldera, eta horietatik 40.000 pertsona inguruk Kanarietatik egin zuten bidea; aurreko urtearen aldean, bikoitzak baino gehiagok. Deitzaileen arabera, gainera, bide hori da "hilgarriena": "2020az geroztik, 7.500 pertsona hil direla kalkulatzen da".

"Errefuxiatuen krisiaz harago, etxea, lana eta bizitza uzteko erabaki bakoitzaren atzean, giza eskubideak babestu eta bermatzeko pertsonak daudela ahanzten duten politiken emaitzaz ari gara", azaldu zuten elkarretaratzean amaieran deitzaileek.

Hori horrela izanda, Marokoko eta Espainiako agintarien jarrera salatu zuten han elkartutakoek, "sorospena emateko betebeharren hutsegite delituagatik" eta "salbamendu baliabide faltagatik". Era berean, gobernuei Atzerritarren Legea ez betetzea egotzi zieten, ez dutelako aintzat hartzen "atzerritarren kanporatze kolektiboak" debekatzen dituen Giza Eskubideen Europako Hitzarmena.



Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide