Asteartea ailegatu da eta astero bezala, Elkargunean elkartu gara herriko Gazte Asanbladako kideok. Gai zerrendaren errepasoa egin dugu, eta hurrengo asteko ekintzen proposamenak bota. Puntuz puntu horiek eztabaidatzen hasi gara, eta tartean, koiunturalki inportanteena: asteburu honetan Zestoako eta Azpeitiko lagunekin ospatuko dugun Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketa. Gogo eta mimo askorekin osatu dugu egitaraua, eta hasieratik eduki dugu argi helburua: eskualdeko gazteak elkar ezagutzea, esperientzia politikoak konpartitzea eta herri honetan jardun politikoa aurrera eramateko dauden baldintza eskasak salatzea. Izan ere, asanblada osatzen dugun kide denon helburua Azkoitian jardun politikoa eta kulturala sustatzea da, izan aisialdi ekintza, borroka zehatz edo formakuntza bidez; baina gaur gaurkoz, horiek aurrea eraman ahal izatea oso zaila egiten zaigu.
Udaletxeko paretetatik kanpo antolatzeko grina dugun eragile edo taldeok oztopo ugari pairatzen ditugu gure jarduna aurrera eraman ahal izateko. Adibidez, ekintza publikoak –horien artean, kontzertuak– 22:00ak arte soilik antolatu daitezke, eta bestela, 4.000 euro arteko fidantzak ordaindu beharra dago. Alternatiba gisa, udalaren logoa jartzea planteatu izan zaigu (dezenteko txistea). Udalak alikatzen duen ordenantza horrek ez digu uzten inondik inora egitarau natural bat ateratzen; izan ere, gaueko aisialdi eredu alternatibo baten antolakuntza erabat deuseztatzen du. Ea ba non antolatu behar ditugun ekintzak, azpiegitura propiorik ez daukagunean eta herritar denona den kalea ere pribatizatzen zaigunean. Martxa honetan, hurrengo kontzertuak Urretxun eta Azpeitiko gaztetxean jarriko ditugu.
Argi daukagu oztopo burokratiko hauek alderdien funtzionamendua babesteko sortu direla, eta horien oinarrien eta ideien aurka goazenon jarduna itotzea dela helburua. Legea, boterea daukanak egiten du; eta botereak, kasu honetan behintzat, dirua ekartzen du. Noski EAJk eta guk oso oinarri ideologiko eta interes kontrajarriak dauzkagula, baina horrek ez du inondik inora zilegi bihurtzen gazteria politizatuan eta alternatiba politiko desberdinetan sinesten dugunon jardun militanteari trabak jartzea.
Gizarte honen parte garen heinean gure ingurukoen baldintzak hobetzeko betebeharra daukagulako sortu genuen asanblada: era denetako erasoak salatzeko, gure kezkei aterabide bat emateko, herriko problematikak jorratzeko, gazteok elkarrekin hezteko eta denon artean aisialdi eskaintza anitzak martxan jarri ahal izateko. Eztabaidatzeko gogoak eta borroka egiteko grinak mugitzen gaitu, eta horren isla izango da asteburu honetako Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketa. Bertan, gure ideiak eta asanbladan eskubide kolektiboen alde egiten ari garen borrokak ezagutzeko aukera edukiko dugu, zestoarrekin eta azpeitiarrekin batera. Topaketara azaltzera gonbidatzen zaituztegu, bota zuen ikuspuntuak, elkar ezagutu eta segi dezagun isilik eta inposatutako normaltasunaren barruan eroso nahi gaituzten denak molestatzen!
Egurre gaztiek!