Karnabal giroan murgiltzear da Azkoitia, eta bihar eta etzi festa izango da nagusi herriko kaleetan barrena. Bihar, 15:45ean, herriko ikastetxeetako ikasleen kalejirarekin hasiko da udalak datozen bi egunetarako antolatu duen inauterietako egitaraua. Kaleak zeharkatu ostean, plazara iritsiko dira mozorrotutako ikasleak, eta 17:00etan, Oihan Vega disko jartzailearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute.
Hala ere, eguraldi txarra dago iragarrita biharko, eta desfilearen orduan euria egingo balu, ikastetxeetan egingo dute ikasleek mozorro festa. Ondorengo dantzaldia, berriz, Gurea pilotalekuan egingo dute.
Iluntzean jarraituko du festak herrian; izan ere, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako jaia egingo dute Elkargunean. Mozorro festan parte hartzen dutenek DJ Xabi Festek jarritako musikarekin dantza egiteko aukera izango dute. Gainera, mozorro lehiaketa egingo dute han, eta sariak ere banatuko dituzte.
Larunbatean, ekitaldi gehiago
Larunbatean ere izango da zer egina Azkoitian. Ez da musika faltarik izango herrian; izan ere, 12:00etan, Txalkor txistulari taldeak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar; 12:30ean, Azkoitiko Musika Bandak eta Bizkargi Musika Eskolako kideek karnabaletako doinuak eskainiko dituzte; eta 13:00ean, Tximeletak txarangak girotuko ditu herriko kaleak.
Arratsaldean, 17:00etan, Tximeletak txarangaren kalejira izango da berriro, eta 18:00etan, Sukar taldeak kontzertua eskainiko du plazan. 21:00etara arte arituko dira musika talde horretako kideak giroa alaitzen. Mozorro lehiaketako sari banaketan etena egingo dute musikariek, baina 22:30ean berriro itzuliko dira plazara. 00:00etara bitartean eskainiko dute dantzaldia Sukar taldeko kideek.
Bestalde, eraso matxisten aurkako babes gunea ezarriko dute 22:00etatik 01:00etara bitartean Etxe Beltz parean, eta horrez gain, 23:00etatik 02:00etara, alkoholemiaren frogak egiteko gunea ere jarriko dute leku berean.
Mozorro lehiaketak
Sukar musika taldearen emanaldia amaitu bezain laster egingo dute mozorro eta taberna apainketa lehiaketen sari banaketa, plazan bertan, 21:00etan. Hain zuzen ere, bihar, ostirala, amaituko da lehiaketetan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek, udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman beharko dute izena.
Larunbatean, Mozorro Lehiaketako partaideek Plazaberritik -104 zenbaki paretik- igaro beharko dute 19:30etik 20:30era bitartean epaimahaiak mozorroak baloratu ditzan. Halaber, epaimahaikideak lehiaketan parte hartuko duten tabernetatik igaroko dira 19:00etatik aurrera, haien dekorazioa ikusi eta balorazioa egiteko.
Udalak bi kategoriatan banatuko ditu sariak: talde txikietan, gehienez sei lagunekoetan; eta talde handietan edo sei lagunetik gorakoetan. Kategoria horietako bakoitzean hiruna sari emango dituzte: talde txikietan 300, 200 eta 150 euroko diru sariak; eta handietan, 600, 500 eta 300 euroko sariak. Aldiz, ondoen apaindutako taberna 200 eurorekin sarituko dute.
Honako hau da 2024ko karnabaletarako udalak prestatu duen egitaraua:
Otsailak 9, ostirala:
- 15:45. Ikastetxeetako umeen kalejira.
- 17:00. Herriko plazan, umeentzako dantzaldia Oihan Vegarekin. Eguraldi txarrarekin Gurea pilotalekuan egingo dute.
- 21:30 - 23:30. Elkargunean 12-17 urte bitarteko gazteentzat disko festa DJ Xabi Festen eskutik. Mozorro lehiaketa eta sari banaketa ere egingo dituzte.
Otsailak 10, larunbata:
- 12:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
- 12:30. Azkoitiko Udal Musika Banda eta Bizkargi Musika Eskolako ikasleen kalejira.
- 13:00. Tximeletak txarangaren kalejira.
- 17:00. Tximeletak txarangaren kalejira.
- 18:00 - 21:00. Sukar taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
- 21:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, herriko plazan.
- 22:00 - 01:00. Sexu-bizi gune morea. Informazioa, aholkularitza eta eraso matxisten aurkako babes gunea.
- 22:30 - 00:00. Sukar taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
- 23:00 - 02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua. Alkoholemia froga egingo dute.