Etzi, ostirala, amaituko da udalak antolatu duen karnabaletako Mozorro Lehiaketan eta Ondoen Apaindutako Taberna Lehiaketan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman beharko dute izena 07:30etik 15:30era bitartean. Gutxienez 16 urte eduki behar dira lehiaketan parte hartzeko.
Lehiaketak larunbatean izango dira. Egun horretan, Mozorro Lehiaketako partaideek Plazaberritik –104 zenbaki paretik– igaro beharko dute 19:30etik 20:30era bitartean epaimahaiak mozorroak baloratu ditzan. Halaber, epaimahaikideak lehiaketan parte hartuko duten tabernetatik igaroko dira 19:00etatik aurrera, haien dekorazioa ikusi eta balorazioa egiteko.
Udalak bi kategoriatan banatuko ditu sariak: talde txikietan, gehienez sei lagunekoetan; eta talde handietan edo sei lagunetik gorakoetan. Kategoria horietako bakoitzean hiruna sari emango dituzte: talde txikietan 300, 200 eta 150 euroko diru sariak; eta handietan, 600, 500 eta 300 euroko sariak. Aldiz, ondoen apaindutako taberna 200 eurorekin sarituko dute.