Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Laneki elkarteak hirugarrenez antolatu duten LH Duala Euskaraz egitasmoaren aitortza ekitaldia egin zuten joan den astean Urnietan (Gipuzkoa), eta bertan, Azkoitiko Elkarmedia enpresaren ibilbidea saritu zuten, lan eremuan euskararen erabilera sustatzeko erakutsi duen "konpromiso eredugarriagatik". Copreci eta Aita Menni ere aitortu zituzten, arrazoi berarengatik.
Euskarazko Lanbide Heziketa eta ikasleen lan munduratzea euskaraz gauzatzeko garaian "erreferente" diren lantokiena ez ezik, horiekin harremana duten ikastetxeen jarduna ere aitortu zuten Urnietan egin zuten ekitaldian, eta esparru horretan, Izarraitz Lanbide Heziketa LHII ikastetxeari ere egin zioten aitortza, Mariaren Lagundia, Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII, Arizmendi Ikastola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta Miguel Altuna LHII eskolekin batera.