Azkoitri triatloi taldeak jakinarazi duenez, martxoaren 16an jokatuko dituzte umeen duatloia eta distantzia supersprinteko duatloia (2,5 km -10 km -1,25 km), baina orain arte proba nagusia izan den distantzia estandarreko (10 km-40 km-5 km) duatloia ez dute jokatuko aurten Azkoitian.
Taldeak azaldu du egun horretan Espainiako duatloi txapelketa jokatuko dutela Beasainen (Gipuzkoa), eta horrek eragiten dituen ondorioengatik eta beste egunik ez dutelako ikusten "aukeran" erabaki dute lasterketa ez antolatzea, "pena handiz". Taldeak barkamena eskatu du "hain berandu" jakinarazteagatik.