Asteburu borobila izan da Anaitasunako talde nagusientzat. Gizonen taldeak Txerloian jokatu zuen larunbat arratsaldean Ondarroako Aurrera KEren aurka, eta hiru puntuak etxean geratu ziren, partida 1 eta 0 irabazi baitzuen Anaitasunak. 40. minutuan Anderrek penaltiz sartutako golak eman zien garaipena azkoitiarrei.
Emakumeen taldeak ere etxean jokatu zuen atzo, igandea, Eibar taldearen aurkako norgehiagoka. Hasieratik gailendu ziren gorrixek, 3. minuturako Junek sartutako golari esker. 15. minutuan iritsi zen Anaitsaunaren bigarren gola, Iratik sartua. Lehen zati osoan nagusi izan ostean, markagailua alde zutela joan ziren atsedenaldira azkoitiarrak. Bigarren zatian ere nagusi izan zen Anaitasuna, eta 77. minutuan Arrik taldearen hirugarren gola sartzea lortu zuen. Hiru golen aldearekin galtzen ari zirela sartu zuen Eibarrek bere lehendabizikoa, 80. minutuan. Hala ere, gorrixentzat izan zen garaipena, norgehiagoka 3 eta 1 irabazita.