Urtarrilaren 23an hasita, Lehen Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoentzako Guraso Eskolak eskainiko dituzte Azkoitian. Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Berdintasun eta Prebentzioko zinegotzi den Mertxe Zubillagak eta saioak zuzentzeaz arduratuko den Xabier Tilves psikologoak. Guztira, zortzi saio emango dituzte: urtarrilaren 23an eta 30ean; otsailaren 6an, 20an eta 27an, eta martxoaren 5ean, 12an eta 19an. Saio praktiko horietan bizitzarako trebetasunak eskuratzeko seme-alabak nola hezi aztertuko dute, eta saio bakoitzean gai jakin bat jorratuko dute. Besteak beste, hizpide izango dituzte autoezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, entzuten jakitea, harreman interpertsonalak, erabakiak hartzea, gatazken konponbidea, pentsamendu kritikoa, emozioen kudeaketa nahiz estresaren kudeaketa.
Tilvesen hitzetan, trebetasun horiek guztiek "babes handiagoa" ematen diote haurrari. Hori horrela, "garrantzitsutzat" jo du eskolan halako programak eskaintzeaz gain, gurasoek ere beharrezko trebetasunak praktikan jartzeko mekanismoak ezagutzea.
Guraso Eskolan parte hartzea doakoa da, eta saio horiek Elkargunean eskainiko dituzte 15:15etik 16:45era bitartean. Parte hartu nahi dutenek, urtarrilaren 22a baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako aukera izango dute udaleko Harrera Bulegoan (08:00etatik 15:00etara), Elkarguneko Gazteria Zerbitzuaren Bulegoan (17:00etatik 19:00etara), edota azkoitia@azkoitia.eus helbidean.
Mertxe Zubillaga Berdintasun eta Prebentzio zinegotziak jakinarazi duenez, aurrerago antolatuko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen gurasoentzako saioak.
Udaleko Berdintasun eta Prebentzio arloak eta Gazteria Zerbitzuak elkarlanean antolatutako egitasmoa da Guraso Eskola.