Asteburu makurra izan dute Anaitasunako talde nagusiek

Iraia Oteiza 2024ko urt. 14a, 20:00

Anaitasunaren eta Pauldarrak taldearen arteko partidaren irudi bat. (Anaitasuna)

Gizonen taldeak 2-1 galdu zuen atzo, larunbata, Añorgaren kontra Zubietako zelaian jokatutako norgehiagoka. Emakumeen taldeak, berriz, 3-1 galdu du gaur Barakaldoko Pauldarrak taldearen aurka Serralta zelaian jokatutako partida.

Punturik eskuratu gabe amaitu dute astea Anaitasuna futbol taldeko lehen mailako neska-mutilek. Gizonen taldeak, Añorgaren aurka neurtu zituen indarrak atzo, larunbata, Zubieta zelaian. 18. minutuan iritsi zen Añorgaren lehen gola, baina Anaitasunak berdintzea lortu zuen, Muruak 23. minutuan sartutako golari esker. Bigarren zatian gogortu egin zitzaien partida gorrixei, eta 53. minutuan donostiarrek beren bigarren gola sartu zuten. Azkenean, partida 2 eta 1 amaitu zen eta punturik eskuratu gabe itzuli behar izan zuten azkoitiarrek etxera.

Anaitasunaren emakumeen taldeak, berriz, Barakaldoko Pauldarrak taldea izan du aurkari, Serralta zelaian. Amaitu berri den partidan, Barakaldoko taldea nagusitu zaie gorrixei. 22. minutuan sartu du Pauldarrak taldeak lehen gola, 47. minutuan bigarrena, eta 58. minutuan hirugarrena. 65. minutuan iritsi da Anaitasunaren gola, Enarak sartua. Hala ere ez da nahikoa izan, eta amaierara arte borrokatu duten arren, 3 eta 1 galdu dute gorrixek partida. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide