Anaitasuna Kakuteko emakume talde bat lehiatu da lehen aldiz Xakeko Gipuzkoako Ligan

Iraia Oteiza 2024ko urt. 14a, 13:00

Ligan parte hartu duen emakumeen taldea. (Anaitasuna Kakute)

Emakumez bakarrik osatutako talde batek ligan parte hartu izanak emakumeak xakera erakartzen eta egoera normalizatzen lagunduko duela uste du Anaitasuna Kakute xake klubak.

Xakeko Gipuzkoako Ligan lehen aldiz Anaitasuna Kakuteko emakumez bakarrik osatutako talde batek hartu du parte. Klubak jakinarazi duenez, Lucia, Alaitz, Erin eta Izarok "historia" egin dute taldean, eta horrek emakumeak xakera gehiago hurbiltzeko eta egoera normalizatzeko balioko duelakoan daude.

Ligako lehen kanporaketa jokatu zuten atzo, larunbata, Azkoitiko Kultur Etxean, eta partidak ikusteko asmoz jende ugari bildu zenez, hiru areto egokitu behar izan zituzten kanporaketak jokatzeko. Preferente Mailan, Anaitasuna Kakutek ezin izan zuen Astigarragako taldea garaitu eta 1 eta 3 galdu zuen. Taldea seigarren postuan dago puntu batekin eta datorren astean oraingoz lidertzan dagoen Beasaingo Sociedad Alfil izango du aurkari. Hirugarren Mailan, aldiz, bina berdindu zuten Anaitasuna Kakutek eta Kbi Zumaiakok. Maila horretako taldea Villabonan izango da datorren astean, eta orain duen laugarren postua hobetzen saiatuko da han.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide