Holz Und Blech jaialdiaren aurtengo kartela jakinarazi dute

Ane Olaizola 2024ko urt. 12a, 10:48

Maiatzaren 3an eta 4an egingo dute musika elektronikoaren jaialdiaren zortzigarren edizioa, eta 40 disko jartzaile baino gehiagok girotuko dituzte herriko txokoak.

Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdiaren antolatzaileek joan den urrian iragarri zuten maiatzaren 3an eta 4an –ostirala eta larunbata– egingo dutela festibalaren zortzigarren edizioa, eta orain, kartela jakinarazi dute. Euskal Herriko zein nazioarteko 40 disko jartzaile baino gehiagok girotuko dituzte herriko tabernak, aretoak zein txokoak asteburu horretan.

Azkoitiko zein inguruko hainbat musikari elektronikok osatuko dute aurtengo eskaintzaren zati handi bat: Aibofobia, Beba, Checkboyz, Dardara, Krakow, Lino, Mr. Soto, Munizzio, Murxi, Panda, Ulea, Xugua, Zatibik... Eta Euskal Herriko eszena elektonikoan sona duten dj-ak ere izango dira jaialdian, hala nola Balza, Depression, Galiano, Loreak, Costas, Borja S eta Vita V; horrez gain, nazioarteko disko jartzaileek izango dute beren tartea: Lumierek, Mayak eta Javier Carballok, besteak beste.

Ohi bezala, Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez gauzatuko dute Holz Und Blech jaialdia, hark musika elektronikoarekiko zuen pasioa gogora ekarriz.

Hona hemen kartela, osorik:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide