Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak zazpi ikastaro jarriko ditu martxan datozen hilabeteetan, emakumeak ahalduntzeko asmoz. Ohi bezala, askotariko tailerrak eskainiko dituzte: Haurdunaldirako yoga, Batukada feminista, Hitz-ahalduntzen, Xilografia, Joste tailerra, Ibilkera nordikoa eta Mindfulness. Lehenengo laurak urtarrilean hasiko dira, eta gainontzekoak otsailean zein martxoan.
Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziaren esanetan, "ezagutza berriak eskuratzeko, autonomia eta konfiantza lantzeko, kezkak eta ondoezak partekatzeko, emakumeen eskubideez jabetzeko eta beren arteko sareak sortzeko topaguneak" dira ikastaroak. Horietan parte hartu nahi duenak, urtarrilaren 24ra bitartean du izena emateko aukera, Internetez zein aurrez aurre. Online egin nahi duenak azkoitia.eus/ikastaroak atarian eman dezake izena, eta presentzialki egiteko, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura jo daiteke. Informazio gehiago 943-54 20 14 telefono zenbakira deituta edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita lor daiteke.
Hona hemen ikastaroen xehetasunak:
- Haurdunaldirako yoga: urtarrilaren 29tik ekainaren 24ra, astelehenetan, 18:30etik 20:00etara Elkargunean.
- Batukada feminista: urtarrilaren 15etik ekainaren 17ra arte. Astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara artean, Azpeitiko Emakumeen Txokoan eta Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan.
- Hitz-ahalduntzen: Urtarrilaren 24tik maiatzaren 30era, asteazkenetan eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara, Elkargunean.
- Xilografia: Urtarrilaren 31tik martxoaren 20ra, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean.
- Berdintasunari puntuak ematen joste tailerra: otsailaren 19tik maiatzaren 17ra, astelehenetan eta ostiraletan, 15:15etik 16:45era artean, Elkargunean.
- Ibilkera nordikoa: otsailaren 20tik martxoaren 12ra, astearteetan, 15:15etik 16:45era artean, Elkargunean.
- Mindfulness: apirilaren 10etik ekainaren 19ra artean, asteazkenetan, 15:15etik 16:45era artean, Kultur Etxean.