'Azkoitiana' obraren bigarren zatia estreinatu du Pol Alvarez organista kataluniarrak

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 8a, 10:12

Pol Alvarez organista atzo, Azkoitiko parrokian. (Urtzi Oteiza)

Jürgen Essl konpositore alemaniarrak konposatutako piezaren lehen zatia martxoan estreinatu zuten, eta atzoko errezitaldian obra osoa interpretatu zuen organo jotzaile kataluniarrak, Cavaillé-Coll organoarekin.

Azkoitiko Hiri Gutunaren 700. urteurrenaren harira, Pol Alvarez (Tarrasa, Katalunia, 1999) organistak Azkoitiana obraren bigarren zatia estreinatuko zuen atzo arratsaldean parrokian: Azkoitiana II: Intermezzo, hain zuzen. Jürgen Essl konpositore alemaniarrak konposatutako piezaren lehen zatia martxoan estreinatu zuten, eta atzoko errezitaldian obra osoa interpretatu zuen organo jotzaile kataluniarrak, Cavaillé-Coll organoarekin.

Pol Alvarez organista titularra eta koruaren zuzendaria da Alemaniako Stuttgart hiriko Alt Heumaden elizan. Bere jaioterrian hasi zituen organo ikasketak, zazpi urte zituela, eta gerora, maila handiko hainbat interpretatzailerekin sakondu ditu ikasketak; hala nola, Daniel Roth, Jean Pierre Leguay, Michael Radulescu, Michel Bouvard, Jörg Halubek, Helmut Deutsch edota Luca Scandali bezalako musikariekin. Stuttgarteko Hochschule für Musik und Darstellende Kunsten jarraitu zuen ikasketekin, Jürgen Essl konposatzailearen eskutik. Alvarezek, besteak beste, 2019an Burgosko (Espainia) Francisco Salinas Organo Lehiaketako lehen saria jaso zuen, eta baita Gironako (Katalunia) Isaac Albeniz Musika Kontserbatorioko XIV. Musika Interpretazio eta Konposizio Sarietako tekla modalitateko lehen saria ere irabazi du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide