Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Iker Vicentek aizkora apustua jokatuko dute apirilaren 27an, larunbatez. Halaxe hitzartu zuten atzo iluntzean, Tolosako Kantabriko tabernan egin zuten bilera luzean. Eztabaidagai nagusia egin beharreko lana izan zuten. Azkoitiarrak ahalik eta lanik laburrena nahi zuen; nafarrak, ostera, lan luzeagoa. Eta azkenean adostu dutena hauxe da: 60 ontzako zortzi enbor eta hamalau kanaerdiko ebaki beharko ditu bakoitzak.
Apustua Tolosako zezen plazan jokatuko dute, eta aizkolari bakoitzak 7.000 euro jarriko ditu jokoan. Vicentek eramango ditu 60 ontzako zortzi enborrak eta bi kanaerdiko plazara, eta Txikiak hamabi kanaerdiko eramango ditu.