Pol Alvarez (Tarrasa, Katalunia, 1999) organista Azkoitian izango da bihar, igandea, Azkoitiko Hiri Gutunaren 700. urteurrenaren harira Cavaillé-Coll organoarekin kontzertua eskaintzen. Jürgen Essl konpositore alemaniarraren Azkoitiana obraren bigarren zatia estreinatuko du: Azkoitiana II: Intermezzo, hain zuzen. Konposizioaren lehen zatia martxoan estreinatu zuten, eta biharko errezitaldian obra osoa interpretatuko du organo jotzaile kataluniarrak. Kontzertua parrokian izango da, 18:00etan hasita.
Pol Alvarez organista titularra eta koruaren zuzendaria da Alemaniako Stuttgart hiriko Alt Heumaden elizan. Bere jaioterrian hasi zituen organo ikasketak, zazpi urte zituela, eta gerora, maila handiko hainbat interpretatzailerekin sakondu ditu ikasketak; hala nola, Daniel Roth, Jean Pierre Leguay, Michael Radulescu, Michel Bouvard, Jörg Halubek, Helmut Deutsch edota Luca Scandali bezalako musikariekin. Stuttgarteko Hochschule für Musik und Darstellende Kunsten jarraitu zuen ikasketekin, Jürgen Essl konposatzailearen eskutik. Alvarezek, besteak beste, 2019an Burgosko (Espainia) Francisco Salinas Organo Lehiaketako lehen saria jaso zuen, eta baita Gironako (Katalunia) Isaac Albeniz Musika Kontserbatorioko XIV. Musika Interpretazio eta Konposizio Sarietako tekla modalitateko lehen saria ere irabazi du.