160 herritar inguruk parte hartuko dute Errege Magoen kabalkadan

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 4a, 13:14

Iazko Errege Magoen kabalkadaren une bat. (Ane Olaizola)

Kabalkada 19:30ean abiatuko da bihar Santa Klara komentutik, eta ohiko ibilbidea egingo du. Era berean, Errege Magoen laguntzaileak eliz atarian egongo dira, 16:30etik 18:30era.

Urtarrilaren 5ean ohikoa den moduan, biharko egunez iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Azkoitira. Zaldiz bertaratuko dira, eta gozokiak nahiz opariak banatuko dituzte herrian. Haien etorreran laguntzeko, 160 lagun inguruk parte hartuko dute kabalkadan; besteak beste, han izango dira antortxak eramango dituztenak, armatuak, Udal Musika Bandako kideak nahiz antolakuntzan lagunduko duten boluntarioak.

Kabalkada 19:30ean abiatuko da Santa Klara komentutik, eta ohiko ibilbidea egingo du. Plazaberrira helduko da lehenik, eta plaza nagusira ondoren. Bertan, Herodesen Jauregia egongo da. Errege Magoak udaletxeko balkoira igoko dira Azkoitiko haurrak agurtzeko, eta jarraian, Kale Nagusitik barrena, Ibaiondo zeharkatu eta parroki atarira iritsiko dira, Ama Birjina gurtzera.

Laguntzaileak, arratsaldean

Era berean, arratsaldez, Errege Magoen laguntzaileak eliz atarian egongo dira, 16:30etik 18:30era, haurren gutunak jasotzeko.

Sustatuz elkartea arduratzen da Errege Magoen desfilea eta Aste Santuko prozesioak antolatzeaz, betiere udalarekin elkarlanean, eta herri erakundeak esker ona adierazi nahi die Errege Magoen magiari eta kabalkadaren tradizioari eusten laguntzen duten partaide guztiei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide