Bihar hasiko dituzte Azkoitiaren 700. urteurreneko ospakizunak

Ane Olaizola 2024ko urt. 3a, 12:35

Urteurrenaren harira sortu duten lan batzordea. (Azkoitiko Udala)

Bihar izango da ospakizun irekiera, "karga sinbolikoa" izango duen ekitaldiarekin. San Martin eta herriko eliza guztiak argiztatuko dituzte, eta Ana Azkoitiak herriko bandera igoko du udaletxeko balkoian. 50 trikitilari baino gehiagok ere parte hartuko dute ekitaldian, eta aurretik kalejira egingo dute.

Jakinekoa da 2024. urtea berezia izango dela Azkoitian, 700 urte betetzen baitira Alfontso XI.a erregeak Hiri Gutuna eman ziola Azkoitiko hiribilduari. Hain zuzen, 1324ko urtarrilaren 4an jaso zuen Azkoitiak Hiri Gutuna, eta herriaren sorrerak zazpi mende betetzen dituen egunean —2024ko urtarrilaren 4an—, ofizialki inauguratuko dituzte urte osora zabalduko diren mendeurreneko ekintzak. 

Udalak azpimarratu duenez, urteurrenaren ospakizun irekierak "karga sinbolikoa" izango du: 20:00etan, San Martin argiztatuko dute, eta herriko elizetako eta parrokiko kanpaien errepika solemneak emango die hasiera ospakizunei. Ordu berean, udaletxeko fatxadan Azkoitia 700 egitasmoa irudikatzen duen logotipoa argiztatuko dute, eta Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera jasoko du balkoian. 50 trikitilari baino gehiagok ere parte hartuko dute ekitaldian, eta aurretik kalejira egingo dute.

Erakusketa eta organo doinuak

Mendeurrenaren atarian, Miguel Zubizarreta margolari azkoitiarraren Azkoitia 700. urteurrena erakusketa zabaldu dute, Portaleburu aretoan. Gai historikoekin osatutako bilduma da, herriko historialariek artxibategietan egindako ikerketak oinarri dituena. Oleo pinturekin egindako margolanak dira, idatzizko dokumentazioa dokumentu grafiko bihurtuz. Erakusketa bihar eta etzi –osteguna eta ostirala– 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai, eta larunbatean eta igandean, berriz, goizez ere bai, 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketa ixtearekin batera, berriz, musikak hartuko du tartea herrian. Izan ere, Pol Alvarez organistak Azcoitiana obra estreinatuko du igandean, urtarrilaren 7an, parrokian, 18:00etan. Otsailaren 9an, berriz, Juan de la Rubia organista izango da Cavaille-Coll parrokiako organoa jotzen, 20:00etan hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide