Jakinekoa da datorren urtea berezia izango dela Azkoitian, 700 urte betetzen baitira Alfontso XI.a erregeak Hiri Gutuna eman ziola Azkoitiko hiribilduari. Hain zuzen, 1324ko urtarrilaren 4an jaso zuen Azkoitiak Hiri Gutuna, eta herriaren sorrerak zazpi mende mende betetzen dituen egunean —2024ko urtarrilaren 4an—, ofizialki inauguratuko dituzte urte osora zabalduko diren mendeurreneko ekintzak.
Udalak azpimarratu duenez, urteurrenaren ospakizun irekierak "karga sinbolikoa" izango du: 20:00etan San Martin argiztatuko da, eta herriko elizetako eta parrokiko kanpaien errepika solemneak emango die hasiera ospakizunei. Ordu berean, udaletxeko fatxadan Azkoitia 700 egitasmoa irudikatzen duen logotipoa argiztatuko da, eta Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera jasoko du balkoian. Berrogeita hamar trikitilari baino gehiagok ere parte hartuko dute ekitaldian, eta aurretik kalejira egingo dute.
Mendeurrenaren atarian, Miguel Zubizarreta margolari azkoitiarraren Azkoitia 700. urteurrena erakusketa zabalduko dute gaur, ostegunez, Portaleburu aretoan. Gai historikoekin osatutako bilduma aurkeztuko du hark, herriko historialariek artxibategietan egindako ikerketak oinarri hartuta. Oleoekin egindako margolanak dira, idatzizko dokumentazioa dokumentu grafiko bihurtuz. Erakusketa urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai, ostegunetik igandera bitartean, 18:00etatik 20:00etara. Larunbat eta igandeetan eta urtarrilaren 1ean goizez ere irekita egongo da, 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketa ixtearekin bateraz, berriz, musikak hartuko du tartea herrian. Izan ere, Pol Alvarez organistak Azcoitiana obra estreinatuko du urtarrilaren 7an, parrokian, 18:00etan. Urtarrilaren 9an, berriz, Juan de la Rubia organista izango da Cavaille-Coll parrokiako organoa jotzen, 20:00etan hasita.