Tta-kun areto futbol taldeak larunbatean jokatuko duen Final Fourra ikustera joateko autobusa antolatu dute

Iraia Oteiza 2023ko abe. 26a, 14:30

Tta-kun areto futbol taldea, Final Fourrerako txartela lortu ostean. (Tta-kun)

Joan-etorria autobusez egiteko aukera izango da batetik, eta soilik itzulerako autobusa hartzea bestetik. Tta-kun tabernan eman beharko da autobusa hartzeko izena. Prezioa izena ematen duen jende kopuruaren araberakoa izango da.

Tta-kun areto futbol taldeak Gipuzkoako Kopako Final Fourrak jokatuko ditu larunbatean, abenduaren 30ean, Donostiako Gasca kantxan. Taldeak autobusa antolatu du partidak ikustera joan nahi duen ororentzat. Bi aukera izango direla jakinarazi dute: joan-etorria autobusez egiteko aukera izango da batetik, eta soilik itzulerako autobusa hartzea bestetik. Donostiara joateko autobusa 14:15ean irtengo da Azkoitiko liburutegi paretik; etorrerakoa, berriz, 20:30ean irtengo da Gascatik. Bidaiaren zenbatekoa izena ematen duen jende kopuruaren araberakoa izango da, eta Tta-kun tabernan eman beharko da autobusa hartzeko izena.

Urria amaieran eskuratu zuen Tta-kun areto futbol taldeak Gipuzkoako Kopako Final Fourrerako txartela, Tolosala A.F.K.E. Tolosa taldeari 4 eta 2 nagusituta. Herrikide, Oiartzun K.E. eta Afantxo AF dira Final Fourrera sailkatu diren beste hiru taldeak. Hala, Tta-kun taldeak Herrikide izango du aurkari final erdietako lehen partidan. 16:25ean hasita, erloju geldira egindako hogei minutuko partida jokatuko dute. Jarraian, 17:40ean hasiko da Oiartzun eta Afantxo taldeen arteko norgehiagoka; hori ere erloju geldira egindako hogei minutuko partida izango da. Irabazten duten bi taldeen artean jokatuko dute finaleko partida, 18:50ean hasita. Erloju geldira egindako hamabost minutuko bi zatiko partida izango da finalekoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide