Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak bigarren mailan lehiatuko dira datorren denboraldian. Hirugarren mailako Euskadiko Txapelketa jokatu zuten atzo, igandea, Turtziozen (Bizkaia) eta aurreneko bi aizkolariek lortu zuten mailaz igotzeko txartela. Larrañagak irabazi zuen lehia, eta Txikia IV.ak 18 segundu gehiago behar izan zituen lanak bukatzeko. Eneko Otaño izan zen hirugarren sailkatu zena; Larrañaga baino minutu bat gehiago behar izan zuen beizamarrak hiru kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebakitzeko. Ugaitz Mugerza, Txomin Amundarain eta Eneko Saralegi izan ziren lehian aritu ziren beste aizkolariak.
Larrañaga Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapeldun izendatu zuten hilaren 8an, Txikia IV.aren, Otañoren eta Mugerzaren aurretik. Denboraldi honetan, Ezpal elkarteko kideek Euskadiko Federazioak antolatutako txapelketetan berriro lehiatzea erabaki zuten, eta kategoria baxuenetan lehiatzen hasi behar izan zuten berriro. Hori horrela, datorren denboraldirako kategoriaz igotzea lortu dute Larrañagak eta Txikia IV.ak.