Imanol Larrañaga izendatu dute Urteko Kirolari Onena

Iraia Oteiza 2023ko abe. 23a, 10:15

Urte borobila izan da 2023a Imanol Larrañagarentzat, eta atzo, ostirala, Urteko Kirolari Onenaren Saria jaso zuen. Udaletxean egin zuten sari banaketa, eta hark lortu zituen boto gehien. Guztira, 21 hautagai zeuden saria irabazteko izendatuta, eta lehia estua egon zen.

Imanol Larrañaga atleta izendatu dute 2023ko Azkoitiko Kirolari Onena. Ez du urte makala egin hark; izan ere, Euskadiko eta Gipuzkoako maratoiak irabazteaz gainera, hirugarren postua lortu zuen Donostiako Nazioarteko Maratoian, 2 ordu eta 19 minutuko denborarekin, eta zazpigarren postua Donostiako Nazioarteko Erdi Maratoian, ordubete eta 7 minutuko denborarekin. Horretaz gain, asfaltuko nahiz mendiko hainbat lasterketa ere irabazi ditu aurten. Horri guztiari balioa eman zioten atzo Urteko Kirolari Onena hautatzeko bozketan parte hartu zuten 21 hautagaiek zein udaleko eta hedabideetako ordezkariek, eta lehia estua izanagatik, sei botorekin izendatu zuten Larrañaga Azkoitiko Kirolari Onena. Ana Azkoitia alkatearen eskutik jaso zuen hark saria.

Sari banaketaren hasieran, banaka-banaka, aurtengo izendapena irabazteko aukera zuten 21 modalitatetako kirolariak aipatu zituzten, eta baita horiek aurten egindako lorpenak ere. Aurten, lehendabizikoz, kriketa gehitu da Urteko Kirolari Onenaren izendapenera, eta kirol egokitua ere sartu dute. Hainbat udal ordezkari izan ziren horiei guztiei garaikurrak ematen. Behin bakoitzak bere garaikurra eskuan, bozketa fasea heldu zen, eta hortik atera zen Larrañaga garaile.

Honako hauek izan dira autengo 21 hautagaiak:

  • Areto futbola: Jon Epelde Álvarez
  • Arrantza: Joanes Karrera Alberdi
  • Atletismoa: Imanol Larrañaga Larrañaga
  • Automobilismoa: Iraitz Olariaga Aizpuru eta Oihane Uranga Antxia
  • Boloak: Gorka Etxaniz Beristain
  • Ehiza: Jon Izagirre Etxeberria
  • Futbola: Maider Badiola Alberdi
  • Gimnasia Erritmikoa: Senior taldea. Ainhoa Arambarri, Aitana Sánchez, Maren Casas, Nikole Aranbarri, Nahia Urbizu, Amaia Sudupe
  • Herri kirolak: Julen Alberdi, Txikia IV.a
  • Igeriketa: Urko Sudupe Olaizola
  • Judoa: Janire Carmona Benitez
  • Karatea: Manex Platero Uzkudun
  • Kirol egokitua: Gotzon Alberdi Osa
  • Kriketa: Danial Farooq
  • Mendia: Borja Zubizarreta Uria
  • Pilota: Julen Etxaniz Salas
  • Saskibaloia: Latz Taberna Infantil Neskak. Elene Ansorregi, Nora Arozena, Jare Arrieta, Elene Astigarraga, Elaia Gogortza, Haizea Gogortza, June Ibarmia, Haizea Nuin, Nayra Olaizola, Africa Peña, Maren Piris, Ane Urquidi
  • Tenisa: Hodei Ulazia Nuñez
  • Triatloia: Jose Antonio Circujano
  • Txirrindularitza: Imanol Arizmendi Larrañaga
  • Xakea: Jose Luis Larrañaga Aldalur

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide