Azkoitiko Parrokiko taldeak sustatuta, Isilune zirkulua egitasmoaren lehen elkarretaratzea egingo dute bihar, ostegunez, plazan. Egitasmoaren helburua da mundu mailako "giza eskubide urraketak" salatzea, eta horretarako "gizatasuna plazara" ateratzea.
Hileko hirugarren ostegunetan egingo dituzte elkarretaratze isilak, 20:00etako kanpaiak jotzearekin batera. Giza eskubideen arloan lan egiten duten herriko beste hainbat talde, elkarte zein erakunderen atxikimendua du egitasmoak, Gernika-Palestinarena, Marea Urdinarena, Daralhina eta Loiola Zentroarena. Hori hala, hilero talde baten ardura izango da elkarretaratzea prestatzea, eta hark erabakiko du zeren inguruko Isilune zirkulua egingo duen dagokionean. Biharkoa Parrokiak antolatuko du, eta Gizakia arriskuan lelopean elkartuko dira: "Gaur egun gertatzen ari diren mundu mailako gerrak gogoratuko ditugu, batez ere Palestinan eta Ukrainan gertatzen ari den egoera salatzeko, nazioartean gertatzen ari diren eta apenas ezagutzen ez ditugun beste gerrak ahaztu gabe".
Dagokion taldeak bere burua aurkeztu ondoren, zirkulu bat osatuko dute elkarretaratze bakoitzean. Erdian dagokion gaiari lotutako objektu bat jarri, eta zirkuluan birak emango dituzte han elkartzen direnek, isilik. Azkenik, mezu bat irakurriko dute, eta informazio orriak banatuko dizkiete herritarrei.