Kattu gogoan, haren hilketaren 40. urteurrenean ere

Aitziber Arzallus 2023ko abe. 20a, 10:01

Atzo 40 urte bete ziren GALek Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra hil zuela, eta hilketaren urteurrenean eta urtero bezala, lore eskaintza egin zuten haren senitarteko eta gertukoek. Ondoren, Politikotik pertsonalera izenpean, Elkargunean hitzaldia eman zuten Iñaki Egaña historialariak, Arantxa Oñederra Kattu zenaren arrebak eta Rosario Lasa Joxean Lasa zenaren arrebak. Intsausti aretoa bete egin zen.

Atzo, abenduak 19, 40 urte bete ziren GALen mertzenarioek Ramon Oñederra (Azkoitia, 1960-1983) Kattu hil zutela. 1983ko abenduaren 19an hil zuen GALek tiroz azkoitiarra Baionako Kayetenia ostatuan, hain justu, lan egiten zuen tabernan. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehen hilketa izan zen Katturena.

Atzo arratsaldean, hilketaren urteurrenean eta urtero bezala, lore eskaintza egin zuten senitartekoek eta gertukoek eliz atarian, Katturen omenez jarritako monolitoan, Egiari GALde elkartearen ekimenez. Ondoren, 18:30ean hasita, Politikotik pertsonalera izenpean, hitzaldia izango zen Elkarguneko Intsausti aretoan. Iñaki Egaña historialariak, Arantxa Oñederra Kattu zenaren arrebak eta Rosario Lasa Joxean Lasa zenaren arrebak parte hartuko zuten. Jakin-mina piztu zuen saioak, eta herritarrek aretoa bete egin zuten.

Atzoko ekitaldiez gain, Anaitasuna Kakute xake elkarteak antolatuta, Kattu memoriala jokatu zuten joan den igandean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide