Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Joxe Azurmendi Katedrak eta Donostiako Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatu dute Oihenart Aforismoen XI. Lehiaketa, euskaraz idatzitako pentsakizun laburrak, originalak eta paperean argitaratu gabeak saritzen dituena. Juan Ramon Alberdi idazle azkoitiarrak eskuratu du lehiaketa horretako bigarren saria, epaimahaiaren arabera, "oso aforismo labur, biribil eta zirtolariak erabili izanagatik, hitz jokoak neurrian emanagatik, eta existentziaren, gizartearen eta filosofiaren arrastoak eskaintzeagatik".
Aldiz, Iñigo Legorburu idazle eta bertsolari errenteriarra izan da lehiaketako lehen saria eskuratu duena, epaimahaiak adierazi bezala, "euskal ahozko tradizioko oihartzunak gaur egungo edukiekin txirikordatu eta sare sozialetako zantzuak elkarrekin jolasean jartzeko erakutsi duen maisutasunagatik".
Hiru pertsonez osatutako epaimahaiak aukeratu ditu bi aforismo txapeldunak. Lehiaketaren inguruko informazio gehiago honako lotura honetan aurki daiteke.