Etzi, larunbata, Golden Apple Quartet laukoteak emanaldia eskainiko du Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu bazkideen artean. Parte hartu dutenen artean zozketa egin ondoren, Lurdes Sudupe Goenaga eta Maite Uranga Egaña bazkideek irabazi dituzte emanaldia zuzenean ikusteko bina sarrera. Sarrera eskuratu ez dutenek, berriz, Entradium atarian eros dezakete, zortzi euroren truke.
Golden Apple Quartet laukoteak ikuskizun musikal umoretsua ekarriko du Azkoitira: Vamos que nos vamos. Golden Apple Quartet laukotearen atzean lau izen daude: Loyola Garmendia, Eduardo Errondosoro, Manuel Romano eta Enrique Otxoa. 1986an eratu zuten taldea lau lagunek, beste lagun baten ezkontzan. Zeremonia hartan lau ahotsek bat egin zuten, eta betirako elkar maiteko zutela zin egin zuten. Ibilbide musikala gospel edo espiritual beltzekin hasi bazuten ere, egun ikusle guztientzako errepertorio zabala dute. Era berean, zapatuko emanaldian erakutsiko dute umorea musika bezain garrantzitsua dela.