Bulego taldeak labetik atera berri duen Aldatu Aurretik diskoa herritarren aurrean aurkeztuko du datorren larunbatean, hilaren 16an, Azkoitiko Atraskua tabernan. Musikariek doako emanaldi akustikoa eskainiko dute bertan, 18:30ean hasita.
Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, Gaztain estudioetan grabatu du taldeak Aldatu aurretik diskoa, eta hamar abestik osatzen dute lana. Taldearen arabera, "pop zuzena" da nagusi disko berriko euskarazko, katalanezko eta gaztelaniazko kantuetan. Zea Mays, Oreka TX, Ede eta Ginestà artistekin elkarlanean osatu dute lana.
Aitatasuna hartu du oinarri Tomas Lizarazu letragileak, baita aldaketa horrek bere baitan eragindako sentimendu guztiak ere. "Diskoa bere bizitzan aldaketak pairatzen ari den edonorentzat idatzita dago, denok etengabe aldatzen ari baikara", azaldu dute partaideek. Bulegoren arabera, aurreko lanak baino soinu "garbiagoa" du berriak, baita "apaindura gutxiago" ere. Hamar abesti horien artean daude Ardi Beltzak, Zurekin, Ez nintzen Ni izango, Esa No Sería Yo eta Nondik Hasi. Batzuek "dantzarako gonbita" egiten dute, beste batzuk, aldiz, lasaiagoak dira.