Azkoitiko udalbatzak ezohiko udal bilkura egingo du bihar, 18:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian. Erabaki beharreko lau puntu zerrendatu dituzte, baina UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitaterako sarbidean eta datorren urterako aurrekontuetan jarriko dute bereziki arreta; izan ere, lau udal taldeek 2024ko kontuak eztabaidatuko dituzte.
Udalerria UEMAn sartzeko eskaera Azkoitiko EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeek aurretik egin izan dute. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateak, Azkoitiko euskararen garapenerako bidea "erraztu" egingo duela uste du Azkoitiko EH Bilduk. Azkoitia Bai taldeko Jose Joakin Etxaniz bozeramaileak, bere aldetik, UEMArako sarbidea "ezinbestekotzat" jo zuen udal hauteskundeei begira hedabide honetako elkarrizketa digitalean. Ondorioz, bi udal talde horiek mankomunitatearen gaiarekiko orain arte erakutsi duten jarrera kontuan hartuta, eta Azkoitiko Udalean duten gehiengoa ikusita, Azkoitia UEMAn sartzea onartuko luke bihar udalbatzak.
Azkenean puntu hori onartzen bada, larunbatean hasiko luke Azkoitiak UEMAko parte izateko bidea, egun horretan egingo baitu mankomunitateak urte amaierako batzar nagusia, Orion. Bertan onetsiko dituzte mankomunitatera sartzeko udalek egindako azken eskaerak. Irailaz geroztik, Berrobiko, Hondarribiako nahiz Lezoko udalek (Gipuzkoa), eta Mendexako zein Zeanuriko udalek (Bizkaia) erabaki dute UEMAko kide izatea. Azkoitiko Udalak ere hala onartzen badu, Azkoitia UEMAko 107. herri izango litzateke. Herri guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.
Hona hemen ezohiko udalbatzarreko gaien zerrenda:
- 2024 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.
- 2024 ekitaldirako Azkoitiko Udaleko langileen eta Lanpostu Zerrendaren hasierako onespena.
- 2023-2025 Azkoitiko udaleko dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2024ko aurrekontura egokitzea.
- Azkoitiko Udala UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera atxikitzea eta bere estatutuak onartzea.