Garaipen eta berdinketa bana Anaitasunaren talde nagusientzat

Ane Olaizola 2023ko abe. 4a, 10:39

Emakumeek 0-3 egin zuten larunbatean Aranbizkarraren aurka etxetik kanpo jokatu zuten norgehiagokan, eta gizonen taldeak berdinketa erdietsi zuen atzo etxean, Leioaren aurka.

Ligako partidak jokatu dituzte Anaitasunako talde nagusiek asteburuan. Emakumeek 0-3 egin zuten Aranbizkarraren aurka etxetik kanpo jokatu zuten norgehiagokan, eta gizonen taldeak berdinketa erdietsi zuen etxean, Leioaren aurka.

Emakumeen txanda izan zen larunbatean, eta horiek Aranbizkarraren aurka jokatu zuten Euskal Ligako 13. jardunaldia. Anaitasuna hiru puntu eskuratuta itzuli zen Gasteiztik etxera, Maiderren, Liberen eta Juneren golei esker. Azkoitiko taldeak erraz irabazi zuen partida, eta hasieratik gailendu zen zelaian. Bigarren garaipena jarraian izan du Anaitasunak, eta egun, sailkapeneko 12. postuan da taldea.

Gizonek, berriz, Leioa taldea hartu zuten atzo arratsaldean etxea, eta partida estuagoa izan zen haiena. Neurketa hasi bezain laster gola sartzeko hainbat aukera izan zituen Anaitasunak, baina Leioak aurre hartu zion 15. minuturako. Tentsio handikoa izan zen aurreneko zatia, eta aukerak izanagatik, etxekoek ezin izan zuten aurkarien atea zulatu. Atsedenaldia baino lehen, gainera, Cresporen gola baliogabetu zuen epaileak, jokoz kanpo zegoelako. Bigarren zatia hasi eta gutxira iritsi zen, ordea, Anaitasunaren gola, taldearen jokaldi on baten ostean Anderrek egindakoa. Azkenean, puntuen banaketa izan zen Txerloian, eta 14 punturekin, sailkapeneko 13. postuan dira gorriak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide