Aitziber Garmendiak zuzendutako Kanpora sartzen antzezlana eskainiko du Txalo Produkzioak etxeak datorren larunbatean, Baztartxo antzokian. Ekoiztetxearen arabera, sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen eta lehen pertsonan idatzitako istorioa da zapatuan eskainiko dutena. Xabin Fernandez eta Intza Alkain dira obrako bi aktoreak.
GIBa (Giza Immunoeskasiaren Birusa) duen pertsona baten bizipenak ditu oinarri antzezlanak. "2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabin eta birusaren arteko harremanaz hitz egiteko garaia iritsi da. Lanak birusarekin izandako elkarbizitza eta azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuko ditu. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, errua, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan?", dio antzezlanaren sinopsiak.
19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak aurrez eros daitezke zortzi eurotan, azkoitia.eus/agenda edo entradium.com atarietan.