Asteburu gazi-gozoa izan du Anaitasunak

Ane Olaizola 2023ko aza. 27a, 11:46

Anaitasunako emakumeen talde nagusia, larunbateko partidan. (Anaitasuna)

Ligako neurketa bana jokatu zuten larunbatean Anaitasunako lehen taldeek: Emakumeen Euskal Ligako taldeak hiru puntu eskuratu zituen Santurtziren aurka, eta Espainiako Hirugarren Mailako jokalariak esku hutsik itzuli ziren Durangotik etxera.

Ligako neurketa bana jokatu zuten larunbatean Anaitasunaren talde nagusiek, eta Emakumeen Euskal Ligan aritzen den taldeak garaipena erdietsi zuen etxean; kontrara, Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den taldea esku hutsik itzuli zen Durangotik.

Gol festa izan zen larunbat arratsaldean Txerloian, Emakumeen Euskal Ligako Anaitasunaren eta Peña Athletic Santurtzi taldeen arteko neurketan. Markailua 4-2 zela amaitu zuten partida, eta golak ia hasieratik ikusi ahal izan ziren zelaian: izan ere, partida hasi eta 13. minutura iritsi zen Maiderren gola, hiru minutura Santurtzik berdindu egin bazuen ere. Ordea, berehala irauli zuen egoera Anaitasunak, Juneren golari esker. Lehen zati estua jokatu zuten futbolariek, eta markagailua 2-2 zela joan ziren atsedenaldira. Partida amaitzeko 20 minutu falta zirela, Izarok 3-2 jarri zuen markagailua, eta 88. minutuan, Enararen golak berretsi zuen Anaitasunaren garaipena. Ligako 12. jardunaldiko emaitzak bide eman dio Anaitasunari hamaika punturekin sailkapeneko 13. postuan kokatzeko.

Emakumeen partida amaitzearekin bat hasi zen gizonena. Txema Añibarroren taldeak  Durangoko Tabira futbol zelaian jokatu zuten Espainiako Hirugarren Mailako 12. jardunaldia, eta gorritxoek ezin izan zuten golik sartu. Aldiz, errenkadan sartu zituen Durangok bere bi golak, 38. eta 43. minutuetan. Anaitasunak izan zituen hainbat aukera egoerari buelta emateko; tartean, penaltia jaurti zuten azkoitiarrek, baina atetik kanpora joan zen baloia. Horrez gain, hamar jokalarirekin amaitu zuen Anaitasunak neurketa, eta Haimar Marcosek bi txartel hori jaso ondoren. Anaitasunak "asko borrokatu" zuten arren, Durangon geratu ziren azkenean hiru puntuak. Sailkapenaren 12. postuan da egun Anaitasuna, 13 punturekin. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide