Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorraren atarian, zaintza eredua izango du eztabaidagai Azkoitiko Udalbatzak bihar, azaroko osoko bilkuran. Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako "euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario" baten aldeko mozioa jorratuko dute udalbatzarrean. Bi taldeek batera aurkeztu duten beste adierazpen bat ere onartzekotan dira bihar; Euskararen Egunekoa, hain zuzen ere. Horrez gain, PSE-EEk babesleku klimatikoak sortzeko eta udalerriko espazio publikoak birnaturalizatzeko beste mozio bat aurkeztuko du.
Era berean, Azkoitiko Udal Larrialdietarako Plana zuzentzeko asmoa du Udal Gobernuak. Ohiko bilkura izanik, galde-erreguetarako tartea ere izango da.
Udalbatzarrak asteazkenetan egiten badituzte ere, azarokoa asteartez egingo dute, hurrengo eguna San Andres bezpera delako. 18:00etan hasiko da bilkura.