Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta Azkoitiko Udaleko Ongizate sailak hedabide honi emandako datuek erakusten dutenez, aurtengo urtea ere ez da salbuespena izan. Urtarriletik azarora bitartean, Azkoitiko Gizarte Zerbitzuek indarkeria matxista jasandako hamar emakume artatu dituzte, iaz baino sei gutxiago. Arreta jaso dutenen erdiek jarri dute salaketa, eta horietatik hiruri jarri dizkiete babes neurriak.
Horrez gain, zehaztu dute hiru emakumek beren kabuz jo dutela Gizarte Zerbitzuetara, beste hiruk Ertzaintzak bideratuta, bat Osakidetzak bideratu du, eta azken hirurak bestelako bideetatik iritsi dira, hala nola mugimendu feministatik, familiako kideengandik edota beste erakunderen batetik. Bostek 18 eta 30 urte artean dituzte, hiruk 31 eta 45 urte artean, eta beste biek 46 eta 59 urte artean.
Udalak jakinarazi du, halaber, aurrez artatu izan dituen beste bederatzi emakumerekin ere esku hartu duela 2023an.
Azkoitian ez ezik, eskualdeko gainontzeko herrietan ere zenbaki beltzak utzi ditu urteak. Horiek horrela, gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, hainbat mobilizazio egingo dituzte Urola Kostako herrietan, baita Azkoitian ere. Hain zuzen, Itaiak deitu du mobilizatzera Azkoitian. Indarkeria matxistaren aurrean, sozialismoa eraiki lelopean, elkarretaratzea egingo dute 12:30ean plazan.