Azkoitiko Irakurle Taldeak jakinarazi du datorren urteko lehen saioan hizpide izango duen aurreneko liburuaren izenburua. Gema Lopez Las Heras azkoitiarrak euskaratutako Landa aldeko neskak (Erein) liburua izango da hurrengo saioko protagonista, hain zuzen ere, Edna O'Brien idazle irlandarraren The Country Girls liburuaren itzulpen lana. Urtarrilaren 23an izango da hitzordua Elkarguneko Oteiza aretoan, eta ohi bezala, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra arduratuko da dinamizatzaile lanak egiteaz.
Bestalde, atzo arratsaldean egin zuten irakurle taldearen azken saioa. Arrate Egañaren Itzalen distira (Erein) liburua izan zuten hizpide Elkarguneko Oteiza aretoan, eta bertaratu zirenek, liburu horren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zuten Egaña beraren eskutik.
Azkoitiko Irakurle Taldean parte hartzeko edota egitasmoaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, azkoitikoirakurletaldea@gmail.com helbidera idatz dezakete herritarrek.