Ingurumena: uraren kudeaketa

Ane Zabaleta: "Ezin dugu tenperatura erabaki, baina bai zer landatu lurraldean"

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 22a, 08:00

(Onintza Lete Arrieta)

Urtegien eta ur-hartuneen inguruak babestu eta egoki kudeatu behar direla azaldu du geologo zumaiarrak, tenperaturak igotzearen ondorioz ura gutxitzen ari delako, urtegietan nabaritu ez arren.  

Klima aldaketa, tenperaturaren igoera, urtegien betetze maila... zeresana ematen ari diren gaiak dira azkenaldian. Elkarren artean lotuta egon daitezke, baina iturrira iristen den urari dagokionez, bada kontuan hartu beharreko beste aldagai bat ere: lurraldeaz egiten den kudeaketa. Horren garrantzia azpimarratu du Ane Zabaleta (Zumaia, 1978) hidrogeologoak. EHUko irakasle eta ikertzailea da, eta Hidro-Ingurumeneko Prozesuak ikerketa taldeko kidea.

Zehaztasunetatik hasita: zergatik da gaur-gaurkoz Ibai Eder urtegiaren egoera hobea, esaterako, Gipuzkoan bertan dagoen Urkulurena baino?

Inguruko arrokak oso desberdinak direlako: Urkulun arroka karetsuagoak daude, eta Ibai Ederrekoak –buruz ari naiz– flysch motakoak, buztintsuagoak, haretsuagoak direla esango nuke. Horren ondorioz, batek eta besteak ura gordetzeko duten gaitasuna desberdina da, eta horrek eragina dauka ibaira iristen den ur kantitatean. Eta, azken batean, ibaiak eramaten du ura urtegira. Hori naturala da, ezin dugu aldatu; gu egokitu behar gara ingurune bakoitzera.

Eta zer da alda dezakeguna?

Urtegietako ur maila gorago edo beherago egoteak, noski, zerikusia du urtegi horretan sartzen den ur kantitatearekin, baina baita askatzen den ur kantitatearekin ere. Eta hor sartzen da kudeaketa. Eta hori, jada, gizakion eragina da. Ibai edo erreka batean ikusten baldin bada gero eta ur gutxiago dagoela, baina urtegiaren betetze maila ez bada aldatzen, horrek esan nahi du kudeaketaren eragina dela.

Hori ona ala txarra da?

Nondik begiratzen den. Bakoitzak bere etxetik ikusten duenean, ontzat jotzen du, horrek esan nahi duelako iturria irekitzean ura izango dugula. Bai, hala da, baina, zeren lepotik? Urtegitik behera ere erreka edo ibaia dago, eta horrek ere ur kantitate bat behar du bere funtzioak betetzeko. Europatik datorren zuzentarau batek markatzen du ibaiari ur kantitate bat utzi behar zaiola ibai horrek ibai izaten jarraitzeko. Hor oreka bilatu behar da. 

"Nik ura nahi badut, ura hartzen dudan
toki horretatik gora ez dut nahi eukaliptorik"

Zein da egoera orekaren kontu horretan?

Tira, behartuta gaude. Hemen, gure inguruan, momentuz, ez dut entzun zalaparta handirik horri dagokionez. Badakit Bizkai aldean toki batzuetan errekak udan lehor uzten direla, ez delako iristen ura jendeari emateko. Toki batzuetan arazo horiek existitzen dira: batez ere udan, kostaldean. Ur hori ez da edateko bakarrik, batzuetan beste erabilera batzuetarako ere izaten da. Eta zer da garrantzitsuagoa, errekak ura eramatea, ala nik nire lorategia ureztatzea berde-berde egon dadin abuztuaren erdian? Asko dugu pentsatzeko. 

Lurralde bateko ur kantitatea aztertzerakoan, prezipitazioak ez ezik, tenperaturak ere kontuan hartu behar direla diozu.

Duela gutxi argitaratu da Gipuzkoan Naturklima txostena: uraren ikuspegitik azken lau-sei hamarkadetako datuak aztertzen ditu. Prezipitazioei dagokienez, datuak urtez urte hartuz gero, ez da ezer garbi ikusten, oso aldakorrak izaten direlako, tenperatura baino askoz aldakorragoak. Tenperaturari dagokionez, berriz, kontsentsu nahiko handia dago, eta datuek argi adierazten dute: tenperaturan igoera bat egon da. Eta oso garrantzitsua da tenperaturak duen eragina.

Zergatik?

Edozein pertsonak askoz ur gehiago behar izaten du udan neguan baino, udan bero gehiago egiten duelako, izerdi gehiago botatzen dugulako eta egarri gehiago izaten dugulako. Lurraldeak ere ur gehiago behar du: landarediak eta animaliek ere  ura behar dute. Beraz, tenperatura igotzen ari bada, lurraldeak ur gehiago kontsumitzen du. Eta hor sartzen dira ebapotranspirazioa eta ur berdea kontzeptuak. 

Zer da ebapotranspirazioa?

Batetik, baporazioa dago, hau da, lurrunketa, lurrundu egiten den ura, eta ura ez da soilik lurruntzen irakiten duenean; lurrunketa beti gertatzen ari den prozesu bat da. Eta tenperatura zenbat eta altuagoa izan, azkarrago lurrunduko da ur hori. Bestetik, transpirazioa dago, hau da, izerditzea. Landareek-eta ura hartzen dute lurretik, erabili egiten dute beren bizi prozesuan, eta gero, atmosferara askatu eta CO2 hartzen dute. Hori da ebapotranspirazio gisa hartzen den kontzeptu oso bat. Ura batez ere euritik dator gurean, elur gutxi egiten duelako, eta ur hori bi eratara banatzen da. Alde batetik, berriro ere atmosferara bueltatzen den ura daukagu; ebapotranspirazioa. Bestetik, lurzoruan, akuiferoetan eta azkenean ibaietara iristen den ura daukagu. Ibilian dabilen ur horri ur urdina deitzen diogu, eta besteari, ebapotranspirazioarekin lotuta dagoenari, ur berdea deitzen diogu. Balantze kontu bat da: zenbat eta ur berde gehiago, orduan eta ur urdin gutxiago. Zenbat eta bero gehiago, lurruntze gehiago eta izerditze gehiago, eta beraz, ebapotranspirazio gehiago, hau da, ur berde gehiago eta ur urdin gutxiago. 

"Haizearen eta korronteen eraginez Urolako bailaratik
ebapotranspiratzen den ura ez da zertan
Urolako bailaran eroriko berriz"

Baina atmosferara igotzen den ur berde hori berriz jaitsiko da euri forman, ezta?

Kontua da haizearen eta korronteen eraginez Urolako bailaratik ebapotranspiratzen den ura ez dela zertan Urolako bailaran eroriko berriz. Nik irakurri ditudan lanak kontuan izanda, badirudi Europa iparraldean gero eta euri gehiago egiten duela, eta Europa hegoaldean, gero eta gutxiago. Eguraldiaren mapan ikusten dugun bezala, korronteek masak mugitu egiten dituzte, eta hemengo urak beste nonbait eroriko dira. Gure bailara edo ingurua kudeatzerakoan, argi izan behar dugu ur hori ez dugula edukiko.

Aipatu izan duzu, lurraldea kudeatzeko moduaren arabera, ur urdina ere gehiago edo gutxiago egongo dela.

Hala da. Inurri batek eta elefante batek ez dute ur kantitate bera behar. Era berean, ez dute ur kantitate bera behar soro batek eta baso batek. Beraz, lurraldean daukagunaren arabera, uraren kontsumoa edo ur berde hori desberdina izango da. Guk ezin dugu erabaki zer tenperatura egingo duen, baina bai gure lurraldean zer landatu eta zer ez. 

Aztertu al duzue Urola Kostan zein den egoera zentzu horretan?

Zumaiak ez du Zumaiatik edaten, Ibai Ederretik baizik, eta beraz, Zumaiari ere interesatzen zaio zer egiten den han. Aspaldi ez naiz pasatu Matxinbenta ingurutik, baina fokua han jarri behar da. Azkar hazten diren plantazioek, esaterako pinuak eta, bereziki, eukaliptoak, ur asko behar dute, azkar hazteko asko jaten dutelako denbora gutxian. Eukaliptoak pinuak baino ondorio kaltegarri gehiago dakartzala esango nuke, eta sakonago pentsatu behar dela. Dena den, egurra behar dugu, papera behar dugu, eta non edo non egon behar dute egurra ekoizteko inguruek. Baina logikak esaten digu ezin dugula leku berean eduki ur asko kontsumitzen duen gauza bat eta ura ekoizteko nahi dugun ingurune bat. Ibai Ederretik gora dagoen ingurune horretan, fokua jarri behar da ingurune horrek ura ekoitzi dezan, edo gutxienez, ez da ur gehiago kendu behar. Horrek kudeaketa bat behar du, eta agian, egurra beste nonbaiten ekoitzi beharko dugu. 

Noren eskumena da hori? 

Foru aldundiarena bada, baso politikak eta badaudelako, baina Eusko Jaurlaritzak ere baditu lurraldea ordenatzeko jarraibideak, eta eragin daiteke kontu horietan.

"Erreka marroi ikusten dugunean,
ez dakit konturatzen garen hori lurzorua dela,
eta hori dela belakiaren zati bat galtzen ari garela,
eta gero eta finagoa dela belaki hori.
Beraz, gero eta ur gutxiago gordetzen ari gara"

Ba al dago jasota halako zeozer?

Jasota dagoena da, ura hartzen den puntu batek x pertsonari ura ematen badio (uste dut 10.000tik gora denean), babes eremu bat behar duela. Baina inon ez da jasotzen babes eremu horretan zer egin daitekeen eta zer ez; hutsik dago. Orain lege berriak datoz Europatik, eta behartzen dute ingurune horietan arrisku azterketak egitea, eta esperantza da hemendik urte batzuetara aldaketa batzuk egongo direla, ez dakit berandutxo datozen ala ez, baina badatoz.  

Txosten bat egina duzue EHUn. Zer ondorio atera zenituzten? Zertan ari dira ondo, zertan gaizki?

Azterketa sakona egin genuen, joerak matematikoki ikusteko. Azterketa horrek baditu urte batzuk, baina gerora azterketa gehiago egin ditugu, eta fokua gauza batean jartzen genuen: zeinen garrantzitsua den lurraldean kokatzea zeintzuk diren hidrologikoki lehentasuna duten espazioak. Kokaleku horietatik gora dagoen lurraldea kudeatu behar da urari begira. Beste espazio batzuetan beste helburu batzuk bilatuko ditugu, izan karbonoa, egurra...    

Hortik gora esatean, goraino esan nahi da?

Ura hartzen dugun puntu horietatik gora dauden espazioak babesteak Gipuzkoan zenbat eragiten duen begiratzen hasten bagara, portzentaia aldetik ez da hainbeste. Eta uraz ari gara. Orain ikerketa batzuk egiten ari gara Urdaibaiko toki batzuetan. Zuzenean ibaietatik hartzen dute ura kontsumorako, eta hartune horietatik gora eraztun batzuk planteatu ditugu, distantzia eta babes maila desberdinekin. Ideala arro osoa babestea litzateke, baina hori pixkanaka ikasi behar dugun zerbait denez, goazen pixkanaka zerbait babestera. Zertarako? Ebidentziak edukitzeko. Izan ere, gure hipotesia da gauzak beste modu batera eginda, kalitate hobeko ur gehiago lor dezakegula. Baina ez daukagu ebidentziarik. 

Zer egin behar den badakizue. Hortaz, baita zer ez den egin behar ere, ezta?

Denok dakigu zer ez den egin behar: nik ura nahi badut, ura hartzen dudan toki horretatik gora ez dut nahi eukaliptorik, asko kontsumitzen duelako, hamabost urtetik behin mozten direlako eta lurzoru pila bat galtzen delako... Hori guztia, uraren ikuspegitik, txarra da. 

Eremu horietan basoak dituztenei nola planteatu hori guztia?

Hiru talde ari gara lanean: gureak urari begiratzen dio, baina Neikerreko taldean biologoak dira eta basoaren kudeaketa hobeto ezagutzen dute; BC3koak, berriz, honen guztiaren azterketa ekonomikoa egiten ari dira, norbaitek lursaila badu babestu nahi den eremu horretan, eta egurra ekoizten aritu bada, arazoa sortuko delako. Agian, gizarte bezala, konpentsatu beharko dugu pertsona hori, galera ekonomikoa izango duelako. Hori ere ari gara aztertzen.

"Askotan elkartu egiten dira klima aldaketak berak
ekar ditzakeen arazoak edo ondorioak,
eta lurraldearen kudeaketa"

Beti esan ohi da inguruotan ur ona dagoela. Hala al da?

Hemen daukagun uraren kalitatea ona da, urtegietan dugun ura kalitate oneko ura da, eta akuifero askotan ere ona da, normalean, goialdetatik datorren ura delako, eta goialde horretan ez daukagulako ez industriarik, ez halako jarduera potolorik ur horiek kutsatuko dituena. Iturrira iristen den ura ona da.

Eta bestelako ura?

Daukagun arazo handienetakoa lurraldearen erabilerarekin lotutakoa da: euri asko egiten duenean eta lurra askatu eta urak lurra eramaten duenean; ibaiak marroi-marroi ikusten ditugunean, alegia. Galdu den lurzorua da hori, eta zati handi bat erabileratik dator: batez ere, plantazioak ditugun tokietan, bat-batean lursail handi bat utzi badugu inolako babesik gabe, dena eraman dugulako. Hori ez da ona ez uraren kalitatearentzat, ez uraren kantitatzearentzat. Gai hau ez da batere serio hartzen, baina lurzorua belaki edo esponja bat bezalakoa da: lurzoruak ura gordetzen du. Zuhaitzak daude, azpian lurra, eta azpian arrokak, baina lurzoru hori sortu egiten da, baita desegin ere, eta azkarrago desegiten da sortu baino, gizakia hemen dagoenetik behintzat. Beraz, erreka marroi ikusten dugunean, ez dakit konturatzen garen hori lurzorua dela, eta hori dela belakiaren zati bat galtzen ari garela, eta gero eta finagoa dela belaki hori. Beraz, gero eta ur gutxiago gordetzen ari gara.    

Amaitzeko, beste zehaztasun bat: Zumaian duela gutxi argindarrarekin arazo handiak izan ziren. Bat egin zuten marea biziek eta ibaiak gainez egiteak. Hori zerbait naturala da, ala klima aldaketaren ondorioa izan daiteke?

Naturala da momentu batzuetan ur erauntsi handiak egotea eta marea biziak egotea, eta noizean behin, bi gauza horiek aldi berean gertatzea. Baina naturala al da gure estuarioa gero eta estuagoa eta txikiagoa izatea eta, beraz, gero eta ur gutxiago kabitzea? Ura ez bada kabitzen, urak zer egiten du? Lekua daukan tokian atera. Hori naturala da? Ez. Hori klima aldaketa da? Ez. Askotan elkartu egiten dira klima aldaketak berak ekar ditzakeen arazoak edo ondorioak, eta lurraldearen kudeaketa. Kudeaketa horretan, ikusi besterik ez dago orain dela 50 urte zer itxura zuen Zumaiak, eta orain zer itxura duen. Ibaiaren goiko aldetik ur handiak datozenean eta marea gora handiak, edo itsasoko enbata bortitzak daudenean eta olatu handiak daudenean, ur hori guztia non sartzen da hobeto, orain dela 50 urteko argazki batean, ala oraingo batean?...

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide