Profesional mailako eskuz binakako txapelketa Azkoitian abiatuko da aurten ere. Datorren ostiralean, hilak 24, pilota partidak izango dira Gurea pilotalekuan, 22:15ean hasita. Aspe eta Baiko enpresek datorren asteartean aurkeztuko dute txapelketa, eta orduan argituko dituzte aurtengo lehian arituko diren bikoteak zein izango diren. Halaber, egun horretan bertan jakinaraziko dituzte Azkoitian nor baino nor gehiago arituko diren bi bikoteak zein izango diren.
Dena den, pilota jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Interneten, zehazki Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute, eta kantxaren goiko solairukoek nahiz errebotekoek 20 euro. Hala eta guztiz ere, egunean bertan sarrerak pilotalekuko leihatilan ere jarriko dituzte salgai.