Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoaren inguruko gaiak jorratzeko bilera egin zuten atzo. Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua eskualdez eskualde ari da antzeko bilerak egiten, turismoarekin lotuta tokian-tokian garatzen ari diren proiektuak eta egiten ari diren lana ezagutzeko helburuarekin, eta Urola Erdiaren txanda izan zen atzokoa.
Azkoitiko Intsausti jauregian elkartu zen Dominguez Ana Azkoitia eta Nagore Alkorta Azkoitiko eta Azpeitiko alkateekin, Begoña Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendariarekin eta agentzian zein udaletan turismo kontuetan aritzen diren beste hainbat lagunekin. Loiolan ere izan zen diputatua, eta Santutegia zein han kokatzen den bailarako turismo bulegoa bisitatu zituen.