40. urteurreneko ospakizunak amaituz eskainiko du Bizkargik Santa Zeziliako jaialdia

Ane Olaizola 2023ko aza. 14a, 09:57

Musika eskolaren Santa Zeziliako jaialdia, iaz. (Mailo Oiarzabal)

Jaialdi "berezia" prestatu du Bizkargi musika eta dantza eskolak ostiralerako, eta ikasleek ez ezik, Iraurgi abesbatzak, Sahatsa dantza taldeak, Txalkor txistulari taldeak eta Azkoitiko musika bandak parte hartuko dute emanaldian. Santa Zezilia egunean, berriz, Musikalean saioa egingo dute Gaztaneneako parkean.

Hurrengo asteazkenean, hilaren 22an, Santa Zezilia eguna izango da, eta Bizkargi musika eta dantza eskolak hainbat kontzertu eta ekitaldi prestatu ditu musikarien zaindaria omentzeko. Ohikoa den moduan, jaialdia egingo dute Santa Zeziliaren harira, baina berezia izango da aurtengoa; izan ere, musika eskolak bere 40. urteurreneko ospakizunei amaiera emango die ostiralean egingo duten ekitaldiarekin.

19:00etan hasiko da emanaldia Baztartxo antzokian, eta musika eskolako ikasleek ez ezik, herriko beste hainbat taldek ere parte hartuko dute, hala nola Iraurgi abesbatzak, Sahatsa dantza taldeak, Txalkor txistulari taldeak eta Azkoitiko musika bandak. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira. Hemen ikus daiteke egitaraua.

Bizkargik eskerrak eman dizkie jaialdian parte hartuko dute talde guztiei, "ospakizun horretan egon nahi izan dutelako", baita herritarrei ere: "Beraiek gabe musika eskola ez zen posible izango herrian. Herritarrak dira gure motorra, eskola bizirik mantentzea lortu dutelako". Bestalde, "esker on berezia" helarazi die udalari, eskola sortu zenetik gaur egunera arteko prozesuan "hurbil" egon delako erakundea, eta "behar izan denean laguntzen saiatu" delako.

Asteazkenean, Musikalean

Hilaren 22an, Santa Zezilia egunez, berriz, Musikalean saioa egingo dute musika eskolako kideek Gaztaneneako parkean. Izenak berak dioen moduan, musika kalera aterako dute, eta banda gazteak, biolin taldeak, trikitilariek, panderojoleek, dantzariek eta Musika Hizkuntzako ikasleek kontzertua eskainiko dute 17:30etik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide