Azaroaren 30erako greba feminista orokorrera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. "Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde" egingo dute greba. "Pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea" aldarrikatuko dute hil honen azkenengo egunean.
Greba feminista orokorraren deialdiarekin lotuta, Urola Kostako Mugimendu Feministak eskualde mailako ekitaldia egingo du azaroaren 19an, igandean, Zumaian. 12:00etan hasita, ekitaldia egingo dute, eta han bildutako guztiek batera grebari babesa adierazteko argazkia aterako dute. Ondoren, Akeleia musikariaren eta beste musikari batzuen saioa izango da, eta pintxoak eta edatekoa ere jarriko dituzte.
Igandean Zumaian egingo den ekitaldira elkarrekin joateko Azkoitian hitzordua jarri dute, 10:30ean, liburutegiaren aurrean.