Azkoitiko Udalak kaleratu du sanandresetako egitaraua

Ane Olaizola 2023ko aza. 13a, 17:10

Helduen danborrada, iaz. Aurten 75 urte beteko ditu.

Azaroaren 24tik abenduaren 3ra bitartean, ohitura bihurtu diren askotariko ekintzekin ospatuko dituzte herrian sanandresak. Udalak azaldu duenez, "mimoz" prestatu dute egitaraua.

Ate joka dira festak, eta horren erakusgarri izango dira datozen egunak herrian. Azkoitiko Udalak prest du aurtengo sanandresen egitaraua —etxez etxe banatu du egunotan—, eta beste behin, danborradak, kirol ekintzek, jan-edanak zein azokek hartuko dituzte kaleak. "Azaroa eta festa eskutik doaz Azkoitian, eta espero dugu herritarrek gozatzea San Andres jaiez. Mimoz prestatu dugu egitaraua eta dena ondo joatea besterik ezin dugu eskatu", esan du Igor Isuskiza festetako zinegotziak.

Azaroaren 30a, San Andres eguna, izango da aurten ere festa egun nagusia. Euskal Herriko Mugimendu Feministak egun bererako greba feminista orokorra deitu badu ere, udalak azaldu du egitarauan ez dela "aldaketa nabarmenik" izango eta "urteroko ekintzez gozatzeko aukera" egongo dela, festa egun horretan parte hartzen dutenen "gehiengoa" aurten ere festa ospatzearen alde agertu delako.

Dena den, aurrez hasiko dira festak; hilaren 24an, hain zuzen ere. Izan ere, helduen danborradaren 75. urteurrenaren harira, jaialdia egingo dute egun horretan Baztartxo antzokian, eta pilota partidak ere izango dira Gurea frontoian. Biharamunean, askotariko ekintzek hartuko dute herria. Besteak beste, San Andres Igeriketa Saria jokatuko dute Zubi Aurre igeriketa elkartearen eskutik, eta arratsaldean, XVIII. Herri Lasterketa izango da Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton elkarteak antolatuta. Gauean, danbor hotsek hartuko dituzte kaleak, eta udalak azaldu du "berezia" izango dela aurtengoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, Donostiako 1813ko abuztuaren 31ko ospakizuna elkarteko kideak izango gonbidatuko dituzte Azkoitira, eta kanoikadak ere entzungo dira tartean. Horrez gain, orain arteko parte hartzaileena izango da 75. edizioa, talde bat gehiago izango baita aurtengoan: Belaño.

Biharamunean, baserritarren postuak jarriko dituzte plazan, eta Kontzejupean bolilloen erakusketa izango da, ohiko moduan. Horrez gain, Garapenean Bidelagun azoka egingo dute, eta herrian lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundetako kideek beren lana gizarteratuko dute.

Azaroaren 30ean, berriz, taloa eta txistorra izango dira protagonista plazan Azkoitia BHIren eta Floreaga ikastetxearen eskutik  —Ikasberrik eta Presoen Lagunak taldeak ez dute txosnarik jarriko, grebarekin bat egingo dutelako—, eta horrez gain, herriko kaleetan ibiliko dira dultzaineroak, trikitilariak eta txistulariak. Txuri Urdin elkartearen eskutik, bestalde, marrazki lehiaketa egingo dute goizean, eta eguerdian herri kirol jaialdia izango da plazan. Arratsaldean, Kontzejupe Sariaren finalak jokatuko dituzte Kontzejupean, eta Josu Rodriguez disko jartzaileak eta suzko zezenak emango diote amaiera egunari.

Horrez gain, San Andres idi dema saria jokatuko dute azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean eta 2an, abenduaren 3n XXVIII. San Andres xake txapelketak hartuko du Elkargunea.

Hemen egitaraua, osorik:

  • Azaroak 24, ostirala
    • 19:00etan, danborradaren 75. urteurrenaren ospakizun jaialdia, Baztartxo antzokian.
    • 22:00etan, eskuzko binakako pilota txapelketaren aurreneko jardunaldia, Gurean.
  • Azaroak 25, larunbata
    • 16:00etan, haurrentzako San Andres Igeriketa Saria, Elkargunean.
    • 16:30ean, XVIII. Herri Lasterketa, herriko plazatik abiatuta.
    • 22:00etan, helduen danborrada kaleetan zehar.
  • Azaroak 26, igandea
    • Goizean, Azkoitiko baserritarren produktuen azoka.
    • Goizean, bolillo lanen erakustaldia, Kontzejupean.
    • 11:00etan, Garapenean Bidelagun azoka, plazan.
    • 12:00etan, Bizkargi musika eskolako musikarien, dantzarien eta Txalkor txistulari taldearen kalejira. Eguraldi txarrarekin, bertan behera geratuko da.
  • Azaroak 30, osteguna. San Andres eguna.
    • Egun osoan zehar, talo, txistor... postuak, plazako arkupeetan.
    • 09:30ean, herriko dultzaineroen eta trikitilarien kalejira, 09:30etik aurrera.
    • 10:00etan, marrazki lehiaketa Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
    • 11:00etan, herriko trikitilari gazteen kalejira.
    • 11:30ean, Txalkor txistulari taldearen kalejira.
    • 12:30ean, herri kirol jaialdia plazan.
    • 14:00etan, marrazki lehiaketako sari banaketa, plazan.
    • 16:00etan, Kontzejupe pilota txapelketaren finalak, Kontzejupean.
    • 20:00etan, Josu Rodriguez DJa, plazan.
    • 22:00etan, suzko zezena plazan.
    • 22:00etan, San Andres idi dema saria, Gurean.
  • Abenduak 1, ostirala.
    • 22:00etan, San Andres idi dema saria, Gurean.
  • Abenduak 2, larunbata.
    • 22:00etan, San Andres idi dema saria, Gurean.
  • Abenduak 3, igandea.
    • 10:00etan, XXVIII. San Andres xake txapelketa, Elkargunean. Anaitasuna Kakute taldeak antolatuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide