Palestinako egoera "gero eta larriagoa" izanik eta urriaren 21eko Donostiako manifestazioak izandako erantzunaren ondotik, deialdi herritarrari heldu behar zaiola uste du Gernika-Palestina kolektiboak, eta gaur Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzera dei egin du hark. Azkoitian ere egin dute elkarretaratzea, eta ehun bat pertsona bildu dira Palestina askatu! zioen pankartaren atzean.
"Palestinak elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinako herriak amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik da hain garrantzitsua denbora gehiegi irauten ari den gatazkari konponbidea bilatzea", dio plazan herritar talde batek irakurri duen manifestuak.
Joan den urriaren 7az geroztik, Israelek 9.061 pertsona hil ditu Gazan, horietatik 3.760 adin txikikoak. Israelen erasoak ikusita, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du "agortzear" dela Gazan "genozidio bat" ez gertatzeko denbora.