Azken hilabeteetako "oldarraldi judizialari" erantzun "irmoa" emateko asmoz, manifestazio nazionala egingo dute etzi —larunbata— Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. 17:00etan Euskaldunan hasiko da mobilizazioa, eta hara joateko autobusa antolatu du Azkoitiko Euskara Mahaiak udalaren laguntzarekin eta Azpeitiko zein Zestoako udalekin batera. Hasiera batean hara joateko autobusa Julio Urkixoko geltokitik —Eroski txiki ondoan— abiatzekoa bazen ere, liburutegi ondora lekualdatu dute irteera, eta beraz, izena emanda daudenek hango geltokira joan beharko dute 15:30erako.
Euskara Mahaiak jakinarazi du dagoeneko autobus bat bete dela, eta hori horrela, bigarren autobusa jarriko dute orain. Manifestaziora autobusez joan nahi duten herritarrek izena eman dezakete Lujan saltokian txartela erosita, bost eurotan.