Adimen artifiziala

Elen Irazabal: "Adimen artifizialaren inguruan, eztabaida lasaiagoa behar dugu"

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 13a, 12:00

Abokatua eta adimen artifizialean aditua da Elen Irabazabal (Zarautz, 1990). Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta doktoregaia da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Abokatuei programatzen irakasten die eta La inteligencia artificial explicada para abogados liburuaren egilea da.

Noiz hasi zinen adimen artifizialean interesatzen?

Zuzenbidea ikasi ostean, Nazioarteko Harremanetan graduondokoa egin nuen Madrilen, eta gero, Indiara joan nintzen bidaian. Han atentzioa eman zidan herritarren oinarrizko beharrak estali gabe egon arren, denek zutela smartphone bat esku artean. Zarautzera itzuli nintzen eta bizpahiru urtean arlo juridikoan aritu nintzen lanean, nahikoa denbora jabetzeko zein gaizki funtzionatzen duen esparru horrek. Garai hartan dagoeneko Big Dataz hitz egiten zen eta adimen artifizialaz hitz egiten ere hasita zeuden adituak. Petrolio berria datuak izango direla eta horrelakoak esaten dituzte, eta neure erara ikertzen eta ikasten hasi nintzen. Madrilera bueltan, esparru horretan sakontzen jarraitu nuen, zibersegurtasunaren arloan lanean hasi nintzen, eta abokatuei ikastaroren batzuk emateko deitzen hasi zitzaizkidan. Jauzia, ordea, pandemia garaian egin nuen: autonomo egin nintzen, eta Abokatuentzako konputazio zientziak eta programazioaren logika ikastaroa ematen hasi nintzen. Adimen artifizialaren inguruko kontzeptuak abokatuei beraiek ulertzeko moduan azaltzen saiatzen naiz.

Azken hilabeteetan adimen artifizialaren eztanda gertatu da, eta ekar ditzakeen onurez ez ezik, arriskuez ere ohartarazi dute batek baino gehiagok, nahiko mezu katastrofisten bidez, gainera. Beldurtzeko motiborik badela uste duzu?

Gaur egun eta epe ertainera, adimen artifizialak ekarriko dituen onurak kalteak baino askoz handiagoak izango dira. Adibidez, osasungintzan, minbiziaren kontrako borrokan eta, aurrerapen handiak egiten ari dira adimen artifizialari esker. Baina horrek ez du kentzen arriskuak ere badituenik. Epe luzera begira, esaterako, ez dago batere argi zer gerta daitekeen, ez baitakigu noraino iristeko gai izango garen. Gizakien adimena gaindituko duen adimen artifizial bat sortu nahian gabiltza, baina ez dakigu lortuko dugun ala ez, eta lortzen badugu zertara eraman gaitzakeen horrek eta zein izan daitezkeen ondorioak.

Adimen artifiziala arautzeko beharra nabarmendu dute batek baino gehiagok. Gaur egun ba al dago adimen artifizialari eragiten dion legedirik?

Adimen artifiziala arautuko duen legedia lantzen ari dira Europako Batasunean, baina egun indarrean dauden lege batzuek dagoeneko eragiten diote adimen artifizialari; esate baterako, datu pertsonalen babeserako legeak eta zibersegurtasunaren ingurukoak.

Europako Batasunean adimen artifizialaren inguruko araudia lantzen ari direla esan duzu. Nolakoa izan behar luke araudi horrek?

Adimen artifizialaren inguruan legedi espezifiko bat lantzen ari dira, bai, baina horrek ez du esan nahi araudi hori ona izango denik, eta adimen artifiziala behar bezala eta egoki arautuko duenik. Aurrena, indarrean dauden legeek adimen artifizialari nola eragiten dioten zehatzmehatz jakiteko azterketa bat egin beharko litzatekeela uste dut, ikusteko zer dagoen eta zer behar den. Adimen artifiziala arautzeko lege bat egingo dute, baina adimen artifizialaren esparruan gabiltzanon jarduna lege horrez gain beste batzuek ere arautuko dute, esaterako, nire kasuan, autonomoen inguruko legediak. Batak besteari nola eragingo dion aztertu gabe jarduteak dena lausotuko du eta ez zait iruditzen prestatzen ari diren legedi hori behar bezain argia eta eraginkorra izango denik.

Arautu al daiteke horren dinamikoa den zerbait?

Adimen artifizialaren inguruko proposamena pasa den urteko apirilean atera zen eta oraindik ez dago indarrean. Hau da, urtebete baino gehiago pasatu da, eta oraindik ez dago garbi noiz jarriko den indarrean. Prozesu legegileak
motelak dira, burokratikoak, baina adimen artifizialak ez du itxarongo.

Adimen artifiziala noraino irits daitekeela uste duzu? Ikusten al diozu mugarik?

Adimen artifizialaren inguruan iragarpenak egitea oso zaila da, ezinezkoa. Uste dut inor gutxik espero zuela adimen artifiziala horren indartsu sartuko zen esparruetako bat arte sorkuntzarena izatea, eta begira zer ari den gertatzen. Gaur egun baditu mugak, muga filosofikoak, muga fisikoak eta abar. Gakoa izango da muga horiek gainditzeko gai izango garen ala ez, eta gainditzea lortzen badugu, noiz izango den hori.

Zure ustez, gaur egungo ezagutzaren mugak modu autonomoan gainditzeko gai izango al da?

Hori ikusi egin beharko da, zaila da horrelako zerbait aurreikustea. Printzipioz, adimen artifiziala gure adimena baino azkarragoa bada, guk espero ez ditugun edo espero ezin ditugun gauzak ager daitezke.

ChatGPT bezalako tresnak gizakiek sortutako ezagutzaz elikatzen badira, nola eman dezake urrats bat harago?

Adimen artifizialaren ikaskuntza prozesua eta gurea ez dira berdinak. Adimen artifizialak datu bolumen handietatik ikasteko gaitasuna du, eta gizakioi ez bezala, adimen artifizialari ez zaio ezer ahaztuko. Hori da iragarri ezin den bere osagaietako bat eta arrisku gehien sor ditzakeena, ez baikara gai horrek izan ditzakeen ondorioak aurreikusteko.

Argi dago adimen artifiziala aukera asko eskaintzen dituen tresna dela. Hortaz, alderdi batzuetatik zergatik ari dira adimen artifizialaren inguruko ikuspegi ezkorra indartu nahian?

Gaur egun beldur handiegia dago adimen artifizialaren inguruan, eta eztabaida lasaiagoa behar dugu. Onurak arriskuak baino handiagoa izan arren, egia da arriskuak ere hor daudela, eta normala da jendea kezkatuta egotea; adibidez, teknologia horrek bere lanean izango duen eraginarekin. Adimen artifizialak gaur egun egiten ditugun lanen balioa aldatu egingo du. Adibidez, sektore juridikoan, nik ezagutzen dudan horretan, gaur egun oso lan automatikoak egiten dituzten horiek dira beldur gehien izan beharko luketenak. Izan ere, abokatu baten balioa ez datza informazioa ekoiztean, hori adimen artifizialak egin dezake.

Hainbat lanbide eraldatuko ditu, baina enplegu berriak ere sortuko ditu.

Bai, noski. Internet iritsi zenean ere antzeko zerbait gertatu zen. Asko ziren teknologia horrek izan zitzakeen mehatxuak edo arriskuak salatu zituztenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide