Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloak jarraipena izango du asteburu honetan Loiolako basilikan zein Azkoitiko eta Bergarako parrokietan. Hain zuzen ere, larunbatean izango da organo zikloko kontzertu izarretako bat, Olivier Latry Notre Dame katedraleko organo jotzailea arduratuko baita Azkoitiko Cavaillé-Coll organoa jotzeaz. Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian eskainiko du kontzertua, larunbatean, 20:00etan. Alexandre Guilmant, Camille Saint-Saéns, César Frank, Louis Vierne edo Charles-Marie Widorren obrak interpretatuko ditu organo jotzaile frantziarrak. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da.
Olivier Latry Parisko Notre Dame katedraleko organo jotzaile titular izendatu zuten 23 urte besterik ez zituela, eta 2012az geroztik Montrealgo Orkestra Nazionaleko organo jotzaile emeritua da. Latryk ibilbide oparoa egin du nazioarteko jaialdi ospetsuenetan parte hartuz eta, besteak beste, Olivier Messiaenen organorako obra osoa grabatu du.