Urriaren 31ra arte eska daitezke denda eta tabernetan euskararen erabilera indartzeko diru laguntzak

Iraia Oteiza 2023ko urr. 10a, 12:50

Diru laguntzak jasotzeko, zenbait baldintza bete beharko dira. Eskaerak lotura honetan edo aurrez aurreko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke. 

Aurten ere merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko diru laguntzak emango ditu Azkoitiko Udaleko Euskara sailak. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da eta lotura honetan edo aurrez aurreko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke. 

Diru laguntza horiek eska litezke, besteak beste, webgunea euskaraz izateagatik edota publizitatea euskaraz egiteagatik. Kasu horietan, kostuaren %60ko laguntza jasoko luke onuradunak, gehienez ere 600 euro. Poltsak, kartazalak, bisita-txartelak, fakturak, zigiluak eta bestelako materiala euskaraz aurkezten duenak ere kostu osoaren %60ko diru laguntza jasoko du, kasu horretan, gehienez ere 360 euro. Kanpoko errotulua euskaraz jartzeagatik, kostuaren %50eko diru laguntza emango du udalak, gehienez ere 360 euro; eta informatika programak euskaraz dituztenek, kostuaren %100ko laguntza izango dute, gehienez ere 600 euro.

Diru laguntza horiez gain, udalak laguntza teknikoa ere eskainiko du, lanerako diren testu laburrak itzuliz edo zuzenduz. Informazio gehiago nahi duenak, 943-85 71 75 telefonora deitu edota euskara@azkoitia.eus helbidera idatz dezake.

Beka, euskara ikasteagatik

Urriaren 16a izango da 2022-2023 ikasturtean euskara ikasteagatik beka eskatzeko azken eguna. Halaber, 2023-2024 ikasturteko euskara ikastaroen matrikula ordaintzeko erraztasunak eskatzeko epea urriaren 27an amaituko da. Udalak gogorarazi duenez, Azkoitian euskara ikastea doakoa da iaztik. Hori horrela, matrikularen %100 itzuliko die Azkoitian erroldatutako, eta gutxienez klaseetara %85eko asistentzia bermatzen duen ikasleei. Erraztasunak ematen dizkie, halaber, hasieran matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzten ikasleei, langabetuei, erretiratuei, pentsiodunei, edota Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren (GLL) bat jasotzen dutenei. Ordainketarako erraztasunak eskatzen dituenari matrikularen %80 aurreratzen dio udalak, eta %20 ordaindu behar izaten du. Ikasturte amaieran, udalak %20 hori itzultzen dio, betiere ikastaroa gainditzen badu eta %85eko asistentzia izaten badu.

Lotura honetan aurki daiteke diru laguntzei lotutako informazio osagarri guztia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide